Ondarroan egingo den hirugarren
Marabilli Sormen Festibalaren egunak gerturatzen ari dira pixkanaka. Festibalaren antolatzaileek horrela adostuta, bi urtetik behin egingo den kultur jaia urriaren 1etik 4ra bitartean izango da. Lau egunez Ondarroa kultur zurrunbilo batek beteko du, beti ere, Aitzol Aramaio zena gogoratuz.
Portuko Ranpan egindako grabaketaren une bat. Argazkia: Yolanda Eizagirre/Klik Klak
Festibala antolatu duten Manuelistek prest dute
egitarau luzea, eta oraingoan ere ekitaldi ugari ikusi ahal izango dira. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, gainera, sarrerak salgai daude. Honako toki hauetan eskuratu daitezke: Zurrumurrun,
Beikozinin edota Marabilli festibaleko
webgunean bertan.
Marabillik aurten, gainera, berritasun bat edo beste ere badakartza. Besteak beste,
Piztiak talde ondarrutarraren eskutik,
Bixitxi marabilli re deritzon kantua izango du festibalak (deskargatzeko aukera ere badago, webgunean bertan). Musika talde ondarrutarrak
U bere azken lanean argitaratu zuen Aitzol Aramaioren omenezko kantua. Josu Aranbarrik idatzitako kantuaren grabaketan beste hainbat musikari ezagunek ere parte hartu dute. Piztiakeko kideez gain, Hertzainak taldeko Garik,
Zea Mayseko Aiora Renteriak,
Pettik,
Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuk eta Keiko talde ondarrutarreko Nerea Sanchezek jarrio diote ahotsa kantuari.
‘Bixitxi marabilli re’ bideokliparen grabaketa. Argazkia: Yolanda Eizagirre/Klik Klak
Behin kantua edukita, gainera, bideoklipa grabatzeari ekin diote Manuelistek. Aurreko zapatuan [abuztuak 30] grabatu zituzten irudiak Ondarroako Portuko Ranpan. Antolatzaileek sare sozialen bidez bideoklipa grabatzeko estrak behar zituztela zabaldu zuten, eta herritarrek ondo erantzun zuten. Marabilliko elastikoak soinean 70 bat lagun batu ziren giro ezin hobean.