Ondarroako Udaleko Euskara Batzordeak martxan ipinitako
Ahuakemonala egitasmoaren arduradunak, behin esketx lehiaketa amaituta, herriko berbez eta esakerez osatuta egongo den mugikorretako aplikazioa prestatzen hasita daude.
Egitasmoaren arduradunek jakitera eman dutenez, aplikazio horren bidez esakera horiek mugikorretan entzun eta sare sozialetan eta Whatsapp-ean zabaldu ahal izango dira. “Udazkenerako aplikazio bat nahi dugu prest eduki, jolas bat, gailu mugikorretan erabili eta ondo pasatzeko”.
Herritarrak Radixu Irratiko estudioetan grabaketa lanak egiten. Argazkia: Ahuakemonala
Hain zuzen ere, aplikazio horretan entzun ahal izango diren berba eta esakeren grabaketak egiten hasi ziren abuztuan. Orain arte, lau grabeketa saio egin dituzte
Radixu Irratiko estudioetan, eta bertara gerturatu diren herritarrei esker 200 esakera baino gehiago batu dituztela aurreratu dute. “Orain arte egin ditugun saioak oso arrakastatsuak izan dira, eta pozik gaude lortutako emaitzagaz. Eskerrik asko kanpandorrera gerturatu zareten guztioi”.
Grabaketa saioei dagokionez, hurrengo egunotan ere jarraituko dute lanok. Izan ere, arduradunek 600 esakera inguru batzeko asmoa dute aplikazioan. Helburua lortzeko, hortaz, herritar gehiagoren laguntza eskatu dute. “Ahuakemonala proeiktuak zuen laguntza behar du. Ondarroako ume, gazte zein nagusien laguntza ezinbestekoa dugu. Izan ere, aplikazio hau prestatu ahal izateko Ondarroako berba eta esakerak ondarrutarren ahotik jaso eta grabatu behar ditugu. Ahotsak behar ditugu, ahots ezberdinak, jende eta adin ezberdinetako ahotsak”.
Ahuakemonala aplikazioaren grabaketa lanak Radixu Irratian. Argazkia: Ahuakemonala
Hurrengo grabazio eguna, irailaren 10ean izango da [eguena]. 19:00etatik aurrera, proiektuaren kolaboratzaileak herritarren zain egongo dira elizako kanpandorrean. Radixura gerturatu nahi duten horiei gauza luzea ez dela izango jakin eragin dute arduradunek. Proeiktua aberastu eta azkartu aldera, herritarrei kuadrillan edota familian gerturatzeko deia egin diete.