Gitarra jotzaile eta flamenko estiloko abestien egileak Lekeition eskainiko du kontzertua, astelehenean, 20:00etan, Ikusgarrin. Ekitaldia Aribeko kultur elkarteak antolatuta dago eta sarrera guztiak agortuta daude; 48 ordutan agortu ziren.
Raimundo Amador. Argazkia: Wikipedia.
Izatez, Amadorrek Konpañiko elizan eskaini behar zuen kontzertua. Horrela ba, azken urteetan egin modura, Konpañiko Gutiziak izenburupean urtero egiten den ekintza polotoetako bat bihurtuko zen Amadorrena ere. «Konpañiko elizari erabilpen kultural bat emateko bidea zabaldu genuen duela bederatzi urte. Baina aurten, dena lotuta genuenean, elizak ezezkoa eman digu», dio Koldo Rodriguez ekimeneko antolatzaileetako batek. «Elizako agintariek onartu dute bederatzi urtetan oso ondo egin dela dena, baina eliza mota horretako kontzertuak egiteko lekua ez dela deritzote; musika bandaren kontzertuak ontzat hartzen dituzte, baina besterik ez».
Antolatzaileek bereziki leku horretara egokitutako ikuskizunak antolatzen zituzten, aurretiaz taldeetako kideekin adostuta. «Artistekin berba egin eta gauza berezi bat ekartzen genuen, urtero, elizara bertara egokituta; espreski Konpañiko elizarako muntatzen ziren emanaldiak».
Ezezkoaren aurrean, Raimundo Amador ekartzeko kontratua sinatuta zutenez, emanaldia beste leku batera eroan behar izan dute.
«Zentsura sektario bat dela diogu guk. Baina txarrena da, herriari aukera bat kentzen zaiola. Jarrera horren aurrrean, aurten azkenengo aldiz antolatuko dugu horrelako ekintza bat. Izan ere, Konpañiko Gutiziek zuten xarma kontzertuaren kokapena bera zen. Eta artista ezberdinei ere berezitasun hori eskaintzen genien».
Udalaren babesa
Eliza ezin dutela erabili jakitean, berezitasun hori desagertu egin dela diote. «Balio erantsia galdu dugu. Baina orokorrean, herriak galtzen du. Azken urteetan puntako ikuskizunak ikusi ahal izan dira eta elizak bide hori itxi egin du».
Elkarteko kideek udal ordezkarien laguntza ere eskertu nahi izan dute. «Udal ordezkariek euren eskuetan zegoen guztia egin dute ekintza ondo ateratzeko. Eta eskertzekoa da, baina azkenean ezin izan da. Udalaren aldetik babestuta sentitu gara».
Aldarrikapen kanpaina
Gertatutakoaren aurrean, elkarteak kanpaina bat abian jarriko du: Konpañia herrixarentzat. «Sinadura bilketa edo antzeko ekimenen bat egingo dugu, eliza areto izateko aldarrikatzeko».
Iaz Doctor Deseok eskaini zuen kontzertua Konpañiko elizan. «Eta hain justu, kontzertu hori grabatu egin zuten eta otsailean, taldeak disko berria aurkezten duenean, Lekeition grabatutakoa argitaratuko dute».
Aurtengoa «azkena» dela badiote ere, lehiatilatxo bat zabalik utziko dute. «Ikusi egin beharko da zer gertatzen den». Eta herritarrei asteleheneko emanaldiagaz gozatzeko deia egin nahi izan diete antolatzaileek. «Mimoarekin prestatutako emanaldia eskainiko du Raimundo Amadorrek».