Debegesak (Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea) agertu duenez, Mutrikuko eta Debako Turismo Bulegoetan jasotako bisitari kopurua hazi egin da. “Aurtengoa urte ona izaten ari da Debabarrenean turismoari dagokionean. Urtarrila eta abuztua artean, 30.185 lagunek jo dute bi turismo bulegoetara informazio eske, 2014an baino %14 gehiago”.
Mutrikuko Goiko Plaza
Datu horiei erreparatuz, emaitzarik onenak udan jaso direla ere nabarmendu dute. Guztira, 22.413 bidaiari hurbildu dira turismo bulegoetara informazio bila, iaz baino 1.245 gehiago. Zehatz esanda, ekainaren 1etik abuztuaren 31ra jasotako datuen arabera, %6ko izan da igoera. “Uda sasoian Debabarreneko eskualdean jaso diren datu onak urte hasieratik izan dira nabarmenak”.
Debegesako arduradunek datuen inguruko balorazio baikorra egin dute. Euren iritziz, sektore turistikoaren “goranzko joera” baieztatzen dute. Era berean, urtetik urtera hobetzen jarraitzeko beharra azpimarratu nahi izan du Debegesak. Bidaiarien esperientzia hobetze aldera, irailean hasiko dira 2016-2020 eperako turismoaren Plan Estrategikoaren idazketa egiten.
Mutrikuko portua
Geoturismoa eta Euskal Kostaldeko
Geoparkeak (Mutriku, Deba eta Zumaia) antolatutako bisita gidatuak izan dira turisten eta bisitarien erakargarri nagusia. Ekaina eta abuztua artean irteera gidatuetan parte hartu duten bisitarien kopurua %48 igo da, 2014ko datuekin alderatuz. Horrez gain, Santiago Bideak ere datu onak utzi ditu eskualdean.
Bidaiarien jatorriari erreparatuz gero, kataluniarrak eta madrildarrak izan dira gehienak. Beste herrialdeetatik etorritako turistei dagokienez, frantziarrak eta alemaniarrak bertaratu dira gehienbat.