Herritarrak batu, indarra egin eta ingurumena babestearen aldeko aldarria egin dute Karraspioren aldeko egunean
Halaber, proiektuaren berri emanez informazio oholak ere ipini zituzten, egindako ekimenen errepasoa laburbiltzen zuten argazkiekin.
‘Babestu dezagun Karraspio’ adierazpena
Egun horretarako beren-beregi prestaturiko adierazpena irakurri zuten eguerdiko ekitaldian. Bertan nabarmendu zuten herritarren artean Karraspio ingurua “porlanez betetzeko proiektua” bertan behera geratzea lortu dutela, eta hori “benetan poztekoa” dela.
Hala ere, “kezkatuta” egoteko arrazoiak badaudela esan zuten: “Proiektua gelditzeko egindako bide korapilatsuan, konturatu gara ingurua babesteko lege, neurri edo arau argirik ez dagoela. Karraspio ingurua ez dago babestuta, eta bihar edo etzi etor liteke promotoraren bat beste proiektu batekin, eta berriro ere zerotik hasi beharko genuke proiektu hori gelditzeko bidea”.
Era berean, salatu zuten hemengo erakundeetan (udalak, aldundia eta Jaurlaritza) ez dagoela ingurunea behar bezala babesteko “lege eraginkorrik”.
Herritarrak ingurunea norbere biziraupenarekin estu lotuta dagoela jakitun izanda, eta ingurunea babesteko kontzientzia hartuta, erakundeen aldetik ingurunea babesteko “neurri zorrotzak” ez hartzea ulertzeko erreza ez dela adierazi zuten. “Inguruneak zeresan handia du gure ongizatearen eta osasunaren garapenean. Guztiok inguruneaz gozatzeko eskubidea dugu, eta aldi berean, ingurumena zaintzeko, errespetatzeko eta babesteko betebeharra ere badugu”.
Karraspion gertatutakoak inguruaren zaintza erakundeengan ezin dela utzi erakutsi duela azpimarratu zuten. Halaber, proiektua defendatu duten erakundeak “legeen gainetik” aritu direla salatu zuten. Haien ustez, partikularren interes ekonomikoek indar “gehiegi” hartu ahal lezakete gaur egungo sisteman, “herriaren interesen gainetik jartzerainokoa”.
Horregatik, herritarron parte hartze aktiboaren aldeko aldarria luzatu zuten beste behin: “Herritarrok batuta gauza asko lortu ahal ditugu, indar handia eragin dezakegu. Erakundeek ez dute ingurunearen babesa egingo interes ekonomiko partikularren gainetik, beraz, geu izan behar gara ingurunearen babesleak, herritarrok hartu behar dugu zeregin hori”.