EAJk aditzera eman duenez, itsas eta arrantza sektoreko emakume langileen Babes Soziala Arautzeko Lege Proiektuan abstentzioa eman zuten martitzenean senatuan egindako bilkuran. “
Ezin dugu artikulu hau onartu, Gobernuari aukera ematen diolako lanbide arteko gutxieneko soldata edo beste kopuru bat gutxieneko diru sarrera moduan kontuan hartzeko erregimen horretara sarbidea izateko eskubidea izan dezaten”.
Ondarroako sareginak
Jose Maria Cazalis senatariaren iritziz, hori horrela izanez gero, aldatutako beste hiru puntuak balio gabe utziko lituzke. “Ez lukete ezertarako balioko eta sektoreko emakumeak kanpoan geratuko lirateke euren lanaren baldintzek ez dietelako beste aukerarik ematen”.
Onurak izateko
Jeltzaleek
emendakinak aurkeztu dituzte saregile, enpakatzaile eta neskatilen taldea itsasoko langileen erregimen bereziko 3. taldean norbere kontuko langile moduan agertzeko. Emendakin horiek «erretiro adina aurreratzeko koefizienteen onurak izateko prozedura zabaltzea» ahalbidetuko luketela adierazi dute.
Bozeramaile jeltzaleak ohartarazi duenez, gainera, “araua zorrotz hartuz gero,
emakume guztiak erregimen berezitik kanpo” geratuko lirateke. “Ez luke zentzurik izango legea beteaz lan egin eta zergak ordaintzen jarraitzea. Ontziek itsasoratzen jarraitzeko beharra izango dute eta emakume hauek egiten duten lana ezin du beste inork egin; beraz, legez kanpo lan egitera behartuta egongo lirateke”.
Bestalde, Espainiako Gobernuak 2010ean Eusko Jaurlaritzari emandako lanbide heziketako gai batzuk berreskuratzeko egiten duen saiakera ere gaitzetsi egin du Cazalisek.