Beste urte batez, Ondarroako umeen arrantza lehiaketak Artibai ibaiaren inguruak arrantzale gazteez bete ditu. Arrigorri itsas arrantza elkarteak igorritako datuen arabera, 4 urtetik 14 urtera bitarteko 354 gaztetxok parte hartu dute aurtengo ekimenean. Ondarroatik ez eze, Lea-Artibai eskualdetik eta Mutrikutik etorritakoek ere parte hartu zuten. Horiez gain, hurrunagotik etorritakoak ere izan ziren: Bergara, Zizur nagusia, Soraluze, Torrelavega (Kantabria)… eta beste hainbat lekutakoak.
Parte hartzea iazkoa baino zer edo zer txikiagoa izan bazen ere, giro onik ez zen falta izan han hemenka. Ohi legez, 14:00ak bueltan parte hartzaile guztiak frontoian batzen hasi ziren. Han, antolatzaileen eskutik, poltsa bat, ogitartekoa, freskagarria eta arrantzan egiteko hainbat material jaso zituzten.
Neskato bat harrapatutako arrainak erakusten
Ostean, denak batera, txistularien atzetik kalejiran joan ziren kainaberak hartuta. Behin kalejiran batutako guztiak Itsasaurre plazara ailegatuta, 14:50ean jaurtitako bolanderak lehiaketaren hasiera iragarri zuen.
Bolandera hotsa entzun orduko, asko aringa-aringa hasi ziren arrantza egiteko euren tokirik aproposena azkarren harrapatzeko. Portutik hasi eta zubi zaharraren pareraino, kainaberak besterik ez ziren ikusten atzo [urriak 3]. Umeak lagunartean zein gurasoek lagunduta, pozik ibili ziren arrantzan.
Umeak gurasoekin arrantzan
Zortearen arabera, batzuk arrain gehiago harrapatzeko aukera izan zuten, eta 17:30etan botatako bolanderagaz amaitu zen arrantzan aritzeko tartea. Euren tresnak jaso eta ostean, sari banaketa egin zen frontoian. Txapelketako arrainik handiena, esaterako, Gorka Alegria 13 urteko ondarrutarrak arrantzatu zuen. Alegriak 800 gramoko arraina harrapatu zuen.
Arrain kopuruari dagokionez, Eneko Horrillo 12 urteko ondarrutarra izan zen onena 9 eta 14 urte bitarteko kategorian. Horrillok, denetara, 93 arrain harrapatu zituen. 4 eta 8 urte bitarteko kategorian, ostera, Xuban Nieves 6 urteko ondarrutarra izan zen onena. Guztira, 69 arrain harrapatu zituen.
Ume kuadrilla bat harrapatutako arrainagaz
Lehiaketan estreinako parte hartzen duten 4 urteko umeen artean zozketa bat egin ohi da urtero, eta aurten sarituak honakoak izan ziren: Nahia Belaustegi eta Ager Ojeda. Bi arrantzale gazteek sari berezia jaso zuten.
Eguna, Maixa eta Manex pailazoen osteko jaildiagaz amaitu zuten. Antolatzaileak, oro har, pozik geratu direla nabarmendu dute. “Parte hartzea iazkoa baino zer edo zer txikiagoa izan baldin bada ere, urteroko giro on berbera egon da. Gure aldetik, herriko eta inguruko umeak arrantzan jarraitzera animatu nahi ditugu”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.