Ondarroako III. Marabilli Sormen Festibala bere azkenetara heltzen hasita dago. Jaialdia eguenean [urriak 1] hasi zenez geroztik, lau egunez etenik barik hainbat ekimen egin dira Aitzol Aramaio zinemagile ondarrutarra zena gogora ekartzeko.
Jaialdia Zure aurrekari penalak disko berriaren aurkezpen kontzertuak agurtu du. Aurretik, ordea, beste hainbat estreinaldi ere egin dira Ondarroan. Horietako bat, atzo [urriak 3] egin zen Bide Onera zineman. Hain zuzen ere, Abante zina, Aitzol! ekimenean Donostiako Zinemaldian parte hartu zuen Amama filma estreinatu zuten. Bertan izan ziren filman parte hartu duten taldeko hainbat kide: Asier Altuna (zuzendaria), Koldo Almandoz (making of-aren egilea), Iraia Elias (Amaia) eta Amparo Badiola (Juliana) aktore nagusiak eta Marian Fernandez (ekoizlea).
Fernandez, Altuna, Almadoz, Elias eta Badiola, zine aretora sartu aurretik
Zine aretoa bete-bete eginda egon zen, eta han batutakoek txalo zaparrada artean hartu zituzten gonbidatuak. Amparo Badiola, esate baterako, erabat hunkituta igo zen oholtza gainera. Herrian bueltan egoteak asko poztu zuela nabarmendu zuen Badiolak.
Filmaren aurkezpen txiki bat egin ostean, making of-a eta filma proiektatu zituzten. Bukaeran, Asier Altuna zintaren zuzendariari galderak egiteko tartea egon zen.
Filmaren proiekzioa amaitu eta gutxira, Dantzarteko dantzariek ikuskizun ederra eskaini zuten alde zaharreko balkoietan. Zortzi balkoietan kokatuta, Marabilliko kamisetak soinean zituzten hamasei dantzarik aho zabalik utzi zituzten alde zaharrean batutako guztiak.
Hutsun taldeko txalapartariak
Era berean, zapatuan [urriak 3] alde zaharreko kalekurutzeko eskaileretan Hutsun Txalaparta taldeak eskainitako emanaldiak ere ikusleak gustura utzi zituen. Emanaldia amaitzean, gainera, zubi zaharraren inguruetan batutakoek txalaparta ezberdinak probatzeko aukera izan zuten. Gazteenek ez zuten aukera galdu nahi izan, eta han ibili ziren pareko guztia probatzen.
Gustura
Barikuan [urriak 2] egin ziren ekimenetan ere jende asko batu zen. Henri Herbert pianojole ezagunak piano emanaldi ederra eskaini zuen Jai Braianeko aterpean. Izan ere, euri zaparrada itzela ari zuen kanpoan, eta euritik babesean jo zuen Asier Ituartek utzitako isats-pianoa.
Henri Herbet
Izerditan blai amaitu zuen ordutebete inguruko emanaldia Herbert-ek, eta han batutako guztiak txundituta utzi zituen. Musikari frantziarra, egunotan, bira bat egiten ari da Euskal Herriko eta Espainiako hainbat hiritan, eta Ondarroan egin zuen geldialdia. Herbert-ek adierazi zuenez, “gustura eta txundituta” geratu zen Ondarroan eta jaialdian, oro har, aurkitu zuen giroagaz.
Musikariak nabarmendu zuenez, gainera, plazer bat izan zen Ituartek utzitako moduko piano bategaz jotzea. “Sekulako soinu ederra du eta itzelezko pianoa da”.
Montxo Armendariz
Bestalde, bariku [urriak 2] iluntzean Bide Onera zinemara hurbildu zirenek Montxo Armendariz zinemagileagaz batera, harek zinearen inguruan eskainitako masterclass-agaz gozatzeko aukera izan zuten. Solasaldi ederra eskaini zuen Asier Altuna zine zuzendariarekin eta Jose Mari Argoitia kazetariekin batera.
Armendarizek bere bizipenei buruz eta zinemako momenturik gogokoenei buruz luze berba egiteko aukera izan zuen. Tartean, gainera, bere sekuentziari gustokoenak proiektatu ziren, eta haien inguruan ere aritu zen zinemagile nafarra.
Rosa rosi de mundu nanoantzerkiko aktoreak
Era berean, bariku arratsaldean ere zeregaz gozatu egon zen Ondarroan. Eider Rodriguez idazle eta kazetariak, esate baterako, Sarrionandiaren itsasoak hitzaldia eskaini zuen Kofradia Zaharrean. Kirmen Uribek gidatutako saioan hainbat hausnarketa egin zituzten Sarrionandiari buruz.
Aurretik, gainera, herriko hainbat aktorek Rosa rosi de mundu nanoantzerkia eskaini zuten 34 dantzatokian. Karle Beristainek zuzendutako lehen obrak asko zur eta lur utzi zituen, eta kritika onak jaso zituen herritarren artean. Garbiñe Aranbarri, Naiara Arrizabalaga, Aitor Artetxe, Ion Iñaki Artetxe, Fede Badiola, Amaia Cabero, Ana Elordi, Ainhoa Etxebarria, Nerea Gartzia, Nahia Iparragirre, Pedro Lasarte, Xabat Lasarte, Iban Lekunberri eta Alain Lersundi aktoreek egungo jendartearen inguruko kritika zorrotza egin zuten.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.