Erandion hil duten emakumearen hilketa salatzeko elkarretaratzeak egin dira
Ondarroan, Mutrikun eta Lekeition; Markina-Xemeinenen bihar [urriak 7] egingo dute elkarretaratzea. Astelehen goizaldean aurkitu zuten emakumearen gorpua, indarkeria zantzuekin. Biktimak 39 urte zituen, eta Bilbon bizi zen. Aurten Euskal Herrian genero indarkeriaren ondorioz hil den hirugarren andrea da.
Ondarroan egindako elkarretaratzea
Emakundek Erandioko kasua hilketa matxista zela baieztatu bezain laster, herritarren, erakundeen eta elkarteen gaitzespenak errepikatu egin dira herririk herri. Ondarroako Udaleko Berdintasun Sailak eta Mutrikuko EMA eta Lekeitioko Potxuak Martxan emakume taldeek deituta, salaketa eta gaitsezpena kalera atera dute, Ondarroan, Mutrikun eta Lekeition.
Mutrikuko elkarretaratzea, Emakumeak Mutrikun Abixan taldeak deituta
Ondarroan, esaterako, 30 herritar inguru bildu dira Alamedan. Mutriku, aldiz, 40 bat herritar batu dira Goiko Plazan, Emakumeak Mutrikun Abixan taldeak deituta. Horien artean, gainera, Jose Angel Lizardi alkatea eta beste udal ordezkari batzuk ere egon dira. Denek ere indarkeria matxista gaitzetsi nahi izan dute, eta bat egin dute Emakumeen Mundu Martxak egindako deiarekin. Bihar, Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia ere egin dute.
Bihar, baita ere, urriak 7, 19:00etan, elkarretaratzerako deia egin du berriz,
Markina-Xemeingo Udalak,
Emakumeen kontrako indarkeria gehiagorik ez! lelopean.
Herritar guztiei protesta deialdiekin bat egin eta parte-hartzeko deia egin diete elkarte eta erakundeek.
ELKARRETARATZEAK
- Ondarroan: GAUR, urriak 6, 19:00etan, Alamedan.
- Mutrikun: GAUR, urriak 6, 19:00etan, Goiko Plazan.
- Lekeition: GAUR, urriak 6, 19:30ean, Eskolapean.
- Markina-Xemeinen: BIHAR, urriak 7, 19:00etan, Goiko Portalean.