Lekeitioko EAJ-k Batzokiaren pintaketen inguruan egindako balorazioak "neurriz kanpokotzat" jo ditu Lekeitioko EH Bilduk
Batzokian agertutako pintaketak Lekeitioko EAJri eragin dieten haserrea guztiz onargarria izan arren, erneguak-edo eraginda “neurri gabeko balorazioak” egiten dituztela adierazi du Lekeitioko EH Bilduk.
Argi utzi nahi izan dute pintaketak “mesede makala” egiten dietela normalizazio politikoari berebiziko garrantzia emoten dietenei, eta, ulergarritzat jo dute EAJ haserre egotea. Baina, Lekeitioko EH Bilduren ustez, ez dauko ezelango zentzurik, ordezkaritza politiko-instituzional nabarmena daukon alderdi politiko batek horrelako “zentzubako balorazioak” egitea. “Amorrua eta ernegua ez dira bidai lagun egokienak erantzunkizun politikoa daukonarentzat”, esan dute.
“Jakin dakigun arren, gatazka armatuak ere eragin izan duela mina, erantzukizun politikoa daukan edonork jakin beharko luke Espainiar eta Frantziar estatuak direla gure herria suntsitzeko darabilenak terrorismoa. Estatu bi honeek eragin izan dute bortizkeria 36ko gerra aurretik ere, eta, gaur egun ere horrela diraute. Estatu biok gauzkate gatazka politikoa konpontzeko ukazio biribilean. Gainera, sarritan motiboak daukaguz pentsatzeko EAJko botere ekonomiko-finantzieroak konplizeak direla eginkizun horretan”, adierazi dute.
Bestalde, EAJri perspektiba historikoari eustea eskatu diote. “Mandela handia ere borroka armatuari lotuta zegoen eta “terrorista” izatetik bere herrialdeko presidentea izaten amaitu zuen. Antzera, 36ko gudariak, horiek ere “rojo-masones” izan ziren, gure miresmena eta begirunea eureri”.
Gainera, demokraziaren ukatzaileei begiratu eta salatu beharrean, EAJk benetako demokrazia burrukatzen dutenak egiten dituela errudun dio EH Bilduk. “Nork ukatzen dio herri honi erabakitzeko eskubidea? Nork aginduko du 107 Herriko Taberna zarratzea eta nork betearaziko du? Nork dauzka euskal militanteak preso eta txanpon politiko modura? Nork ukatzen du azken batean normalizazio politikoa?”, galdetu dute. Guzti horren erantzunak jakitera emango du Lekeitioko EH Bildurentzat, “demokraten eta ez demokraten arteko marra zein den”.
Azkenik, EH Bildun, benetako demokrazia eskuratzeko ahaleginetan dabiltzala azpimarratu dute, kosta ahala kosta. “Arrisku handiak hartu ditugu zeregin horretan gure konpromisoa zintzoa delako eta ez gabiltzalako unean uneko etekin politiko mizkinei begira. Eta oztopoak oztopo horretan jarraituko dugu”.