Astelehenean [urriak 5] Mutrikuko Udalbatzak egindako ez ohiko osoko bilkuran erabakitakoaren arabera, Mijoako industrialdean egitekoa zen eraldatze gunea eta enpresa haztegia ez dira gauzatuko. Zehatz esanda,
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta
Mutrikuko Udalak 2014ko abenduan sinatutako
hitzarmenaren inguruan zer egin ebatzi zuten astelehenean.
EAJko zinegotziak egitasmoaren aurkako botoa ematen
Udalbatza osatzen duten taldeek aurreko osoko bilkuran aipatutakoarekin bat etorri ziren, eta hortaz, bozketan ezusteko gutxi egon ziren. Hain zuzen ere, aurreko asteetan gertatu modura, hiru taldeen arteko iritziak zeharo kontrajarriak izan ziren, eta gaiari buruz bakoitzak bere iritzia emateko aukera izan zuen pleno aretoan bildutako herritarren aurrean.
EH Bildukoak, «minduta»
Espero modura, EAJko sei zinegotziak hitzarmena bertan behera uztearen alde agertu ziren eta EH Bilduko sei zinegotziak, ordea, aurka agertu ziren. Berdeak Independenteak taldeko zinegotzi bakarra abstenitu egin zen, eta hortaz, eta bi talde nagusien artean berdinketa eman ostean, alkatearen kalitatezko botoak izan zuen bat edo beste erabakitzeko erantzukizuna. Azkenik, egitasmoa bertan behera uztea erabaki zuen alkateak.
Bozketaren emaitza ikusita, Jon Naberan EH Bilduko zinegotzien bozeramaileak Jose Angel Lizardi alkateak hartutako erabakiak «min handia» egin ziela nabarmendu zuen. «Gure alderdiak kalte handia dauka, eta ez dugu hau guztia onartzen».
EH Bilduko kideak egitasmoaren aldeko botoa ematen
Hori esanda, sei zinegotziak zutitu eta protesta modura osoko bilkuratik ateratzea erabaki zuten. Pleno aretoan bildutako beste hainbat herritar ere ez ziren bat etorri alkateak hartutako erabakiarekin, eta kexu ziren herritarrek ere EH Bilduko zinegotziekin batera gelatik irten zuten. Hori gertatu eta gero, bilkura bukatutzat eman zuten.
Alkateak astelehenean hartutako erabakiaren arabera, iazko abenduan sinatutako hitzarmena baliorik gabe utzi du Mutrikuko udalak, eta proiektua aurrera ateratzeko jasotako 500.461 euroko diru laguntza Gipuzkoako Ogasunari bueltatu beharko dio.