Ondarroako udal ordezkariek jakitera eman dutenez, Kaleandiko ur hodiak berriztu eta bertora iristea erraztuko duen igogailua ipiniko dira hurrengo hilabeteotan.
Erabaki horiek atzo [urriak 6] Kaleandi, Erribera eta San Ignazio kaleko 50 bat auzotarrekin egindako auzo batzarrean adostu zirela nabarmendu du Josu Arrizabalaga alkateak. “Inguru horietan egin nahi diren proiektuen berri auzotarrei ematea zen batzarraren helburua. Horregaz batera, auzotarrek aipatutako proiektuen inguruan dituzten iritzi eta kezkak ere jaso nahi izan ditugu”.
Auzotarrekin egindako batzarra. Argazkia: Ondarroako Udala
Kaleandin gaur egun dauden ur hodiak zaharrak direla kontutan hartuta, horiek aldatzea komeni dela erabaki zuten batzarrean, aho batez.
Berrizteko egingo diren lanek, gainera, auzora beste hainbat zerbitzu ailegatzea ere ahalbidetuko luketela aurreratu du alkateak. “Ur hodiak aldatzeaz gain, lanok gasa eta Interneteko zuntza sartzeko ere aprobetxatuko lirateke. Iparkalen egindako azken lanen ostean, Kaleandiko zati batera zerbitzu horiek ailegatzen badira ere, kalearen beste aldera ez dira ailegatzen. Modu horretara, Kaleandi osora ez eze, Goikaleko zati bat ere hornituta geratuko litzateke”.
Likona dorrea eta Kaleandi, artxiboko irudian
Bestalde, Kaleandi eta inguruetara iristeko erraztasunak emate aldera, igogailu beharra dagoela ere eztabaidatu zen batzarrean. “Orain arte, auzotar asko eliza ondoko eta KamiƱaldeko igogailuetatik ibili dira, baina hortik ere, nahikoa oztopo dituzte”.
Alkatearen iritziz, proiektua gauzatzea “nahikoa konplikatua” izan daiteke. “Alde zaharra hirugune historikoan dagoela kontutan hartuta, legeak ez du edozelako beharrik egiten uzten, eta hori guztia kontutan eduki beharko da. Gure aldetik, herritarrentzako aukerarik onena eta erosoena aukeratzen saiatuko gara”.