Zapatuan [urriak 10] Markina-Xemeinen ospatuko den Urriko Azoka Nagusia eskualdeko ganadu eta produktuen erakusleihoa izango da, berriz ere. Azken urteetako partaidetza handiena izango du gainera: Lea-Artibaiko 37 abeltzainek eta 38 ekoizlek hartuko dute parte 31. azokan.
Bizkaiko Blonda Txapelketa 2014ko Urriko Azoka Nagusian.
Urtero modura, 10:00etan zabalduko dute azoka, eta 17:00ak arte egongo da produktuak zein animaliak ikusi eta erosteko aukera.
Bost gune nagusi egongo dira: udaletxe osteko aparkalekuan eta alboetako berdeguneetan Euskadiko Blonda Txapelketa eta eskualdeko abereen erakusketak egongo dira, plazabarripean baserri tresnak jarriko dituzte ikusgai, eta Zelaiaren inguruan kokatuko da, oraingoan ere, nekazaritza eta artisautza gaien erakusketa.
Salmenta postuak
58 postu egongo dira Zelaiaren bueltan, eta guztira, 38 izango dira euren produktuak zuzenean salduko ditzten ekoizleak. Lau gaztagile, hamar ortugile, frutagile bat, arrain kontserben ekoizle bi, gilda ekoizle bat, barraskilo eta plater prestatuen ekoizle bat, lau okin, hiru gozogile, ahate produktuen ekoizle bi, eztigile bi, baserriko hamburgesen ekoizle bat, txerrikien hiru ekoizle, sagardogile bi, hiru txakolin ekoizle, marmelada eta barazkien kontserba ekoizle bi eta loreen mintegi bat aurkituko dituzte azokazaleek Zelaiko postuen artean.
Artisaua lanean 2014ko Urriko Azoka Nagusian.
Horrez gain, hamazazpi artisauk, sei baserri tresnen saltzailek eta sei elkartek ere jarriko dituzte euren produktuak ikusgai eta salgai: MIBA Kooperatibak, Produkton turismo bulego eta baserriko produktuen dendak, Sanfilippo sindromeaz eragindakoen elkarteak, Izarbidean elkarteak, Plazakola egoitzak eta Zabaltzen-Sartu elkarteak.
222 buru
Zelaia produktuen erakusleiho izango bada, animaliena, udaletxe osteko aparkalekua izango da. Eskualdeko 37 abeltzainek ekarriko dituzte, aurten, euren animaliak, azokako plazara. Horrela, Etxebarriko, Markina-Xemeingo, Berriatuko, Aulestiko eta Mallabiko abeltzainen 222 ganadu batuko dira animalien gunean.68 behi, sei idi, 40 zaldi eta 108 ardi egongo dira ikusgai, bai eta Euskal Herriko arrazetako beste hainbat abere ere.
Jendea animaliak ikusten 2014ko Urriko Azoka Nagusian.
Beste alde batetik, urtero bezala, Blonda arrazako ganadu txapelketa lehiatuko da aparkalekuan; aurten Euskadikoa. Guztira, zortzi abeltzainek hartuko dute parte norgehiagokan eta 95 buru aterako dituzte plazara. Azoka zabaltzen dutenean bertan hasiko da txapelketa. Sari banaketa berriz, 13:30ean izango da.
Bertsolarien eta trikitilarien kalejira eta doinuek alaituko dute azokako giroa. 13:00ak aldera, gainera, saio berezia eskainiko dute bertsolariek udaletxeko balkoitik kantatuz.
Aparkalekuak
Udaletxe osteko aparkalekua animalien erakusketa gunea izango denez, aparkalekuan ezin izango da ibilgailurik egon. Atzo arratsaldetik geratu behar zen libre aparkalekua, antolaketarako, eta azoka amaitu bezain laster egongo dela, berriz ere, erabilgarri, jakitera eman du Markina-Xemeingo Udalak.
Aparkaleku bat kenduko badute ere, azoka egunean, beste batzuk egongo dira erabilgarri. Horrela, Bekobenta eskolako eta Lea-Artibai Ikastetxeko aparkalekuetan ere utzi ahal izango da ibilgailua. Aparkalekuetara errez ailegatzeko gainera, seinaleak jarriko dituztela aurreratu dute udal ordezkariek. Dena dela, inguruko herrietatik Markina-Xemeinera heltzeko autobus zerbitzu publiko eskaintza zabala dagoela gogora ekarri du udalak.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.