Beste behin ere, Lea-Artibai eta inguruko herrietako lagun asko batu ditu Urriko Azoka Nagusiak Markina-Xemeinen. Eguraldia ere lagun, goizean goizetik ibili ziren azokazaleak Zelaiaren inguruko postuak ikusi eta produktuak erosten. Salmentak “polito” joan zirela jakitera eman zuten ekoizleek.
Jendea erosten zapatuko Urriko Azoka Nagusiko saltoki batean.
Baserritarrek eta abeltzainek ortu eta ikuiluetan zeuzkaten animali eta produktu onenak plazaratu zituzten zapatuan. Horrela, bertoko produktuen eskaintza zabala aurkitu zitekeen azokan. Barazkiak, frutak, idiazabal gazta, eztia, baserriko ogia, gozoak, arrain kontserbak, sagardoa, txerrikiak, ahatekiak, txakolina, garagardoa eta baserriko hanburgesak aurkitu zitezkeen alde batetik Zelaiaren inguruko saltokietan. 200 abelburu baino gehiago ere egon ziren ikusgai, bestalde, udaletxe osteko aparkalekuan; behiak, idiak, zaldiak eta ardiak besteak beste.
Artisautzak eta elkarteek ere izan zuten euren txokoa azokan. Alor ezberdinetako hamazazpi artisauren lanak egon ziren ikusgai Zelaiko saltokien artean: euskal pilotak, zeramika lanak, egurra, bitxiak, larrua, harria, otzaragintza, artilea… Artisau batzuk gainera, bertatik bertara erakutsi zuten euren lana.
Bertoko produktuen postuak, baserri tresnerien postuak, abereen postuak eta jan eta edaneko txosnak bete-beteta egon ziren eguerdi partean, eta jai giroa ere orduan izan zen nagusi. Bertsolariek kantuan jardun zuten udaletxeko balkoitik eta trikitilarien doinuek alaitu zuten giroa.
Blonda txapelketa
Euskadiko XX. Blonda Txapelketa ere lehiatu zen zapatuan. Azoka zabalduagaz batera hasi zen lehia eta eguerdira arte luzatu zen animalien erakustaldia.
Gipuzkoako eta Bizkaiko zortzi ukuiluk hartu zuten parte txapelketan, eta sari nagusiak Orioko Longa baserriak, Errenteriako Larrehaundik eta Azpeitiako Eizmendik eraman zituzten. Hala nola, Orioko Jose Angel Zendoiaren Longa baserriak eraman zuen ukuilu onenaren saria, eta ukuilua Espainiar estatuko onena bezala izendatuta dagoela ere jakitera eman zuten.
Jose Maria Ezeizak Idisko onenaren saria hartu zuen Ikerne Zuluaga Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Ganaderitzako Zuzendariaren eskutik.
Bestalde, Idiskorik hoberena Errenteriako Jose Mari Ezeizaren Larrehaundi baserriko Hiber idia izendatu zuen epaimahaiak eta behirik hoberenaren saria Azpeitiako Luzia Orbegozoren Ixabel-ek eraman zuen. Luzia Orbegozorentzat izan zen bai eta inseminazioz sortutako behi onenaren saria ere.
Sari nagusirik ez zuen eraman baina esku hutsik ere ez zen gelditu Markina-Xemeingo Ilaspe baserriko Ismael Arriola. Lau sari lortu zituen: 15 eta 18 hilabete bitarteko bigatan, 18 eta 24 hilabete bitarteko bigatan, eta 4 eta 5 urteko behiak txahalarekin eta 4 eta 5 urteko behiak txahalik gabe sailetan.
Txoku libre eta zabalik
Beste alde batetik, Karmen Jaietan egin zen bezela, Txokue libre eta zabalik aldarria atera zuten kalera Urriko Azoka Nagusian ere. Goiko Portalean hasita, manifestazioa egin zen herrian zehar Markina-Xemeingo txokoa zabalik uztea eskatzeko. Hasi zen modura, Goiko Portalean amaitu zen manifestazioa argazki jendetsuarekin.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.