Ager Solabarrieta tiratzaile ondarrutarrak maila ona erakutsi du Ziburuko (Lapurdi) Nazioarteko Irekian. Zehatz esanda, urteko tiraketarik onena egin du Ziburun; guztira, 567 puntu lortu zituen zutikako modalitatean. “Lortutako puntu kopurua oso ona izan da, urteko onena. Pozik gaude, baina puntuazioaz gain, garrantzitsuagoa izan da bertatik sentsazio onagaz ateratzea. Ea hemendik aurrera bide onetik jarraitzea lortzen dugun”, azaldu du Maite Badiolak, Solabarrietaren laguntzaile eta emazteak.
Maite Badiola eta Ager Solabarrieta Ziburuko tiro eraikinaren kanpoan. Argazkia: Maite Badiola
Azkenaldian emaitza eskasak lortu ostean, pozik agertu da Solabarrieta. “Dirudienez, iaz lortu nuen mailara hurreratzen hasi naiz pixkanaka. Karabinari neurria hartzen hasita nago, eta ea aurrerantzean ere, emaitza hobeak lortzen ditudan”.
Solabarrietak gaineratu duenez, estreinakoz parte hartu du Ziburuko txapelketan. Bere iritziz, nazioarteko beste tiratzaile olinpiko batzuekin parte hartzea aurrerapauso handia izan da. “Guretzako pozgarria izan da mota honetako txapelketa batean parte hartzea. Kirol egokituan gabiltzan hiru tiratzaile gonbidatu gintuzten, eta esperientzia oso polita izan da. Normaltasunera bidean lan handia egiten ari gara, eta tiro olinpikoan ari garen denoi aukera berdinak zabaltzea ederra da”.
Ager Solabarrieta, Ziburuko txapelketan tiro egiten. Argazkia: Maite Badiola
Hurrengo txapelketa bi aste barru izango du tiratzaile ondarrutarrak, eta egunotan buru-belarri entrenatzen ari da. Azaroaren erdialdean Nafarroako Irekian parte hartuko du. “Niretzako, bereziki, oso txapelketa garrantzitsua da. Hainbat urtez irabazi ezinik ibili ostean, iaz txapela etxera ekartzea lortu nuen. Ea aurten ere, itxura ona ematen dugun”.