Herriko turismoa kudeatu eta dinamizatzeko premia zegoela nabarituta, Turismo Mahaia eratu dute Markina-Xemeinen. Herritar ororentzat zabalik dagoen taldea,
gaur batuko da, 19:00etan, udaletxeko ganbaran.
Markina-Xemeingo Zelaiaren inguruak.
Hauteskundeetarako herri programa eratzen ari zirela, turismoaren inguruan gabezi bat zegoela aditzera eman zieten herritarrek udal ordezkeriei. Agintaldi berriagaz batera, beraz, premia horreri kolpe eta Turismo Mahai bat sortzea sustatu dute.
Mahaiari hasiera emateko, lehendik ere herriko kultur eta ondare naturalaren inguruan lanean zenbiltzan herriko elkarteak gonbidatu zituzten parte hartzera, Uhagon, Herri Biblioteka, Artibai Mendigoizale taldea eta Beti Jai elkarteko kideak beste batzuren artean. Horien guztien ekarpenekin hasi du bilbidea Turismo Mahaiak.
Turismoaren gaia bere osotasunean landuko du herritarrez osatutako lantaldeak. Aldi berean baina, lan egiteko arlo asko daudenez, talde txietan banatu dira parte hartzaileak.
Horrela kirola eta aisialdia, ondarea eta kultura eta azpiegitura eta zerbitzuak atalak banatu dituzte. Azaldu dutenez, talde bakoitzak bere dinamika darama, eta lan egindakoa Turismo Mahaira eramaten dute.
Lehen fruituak
Talde txiki bakoitza, bere arloan orain arte egin dena jaso eta egin daitekeena hausnartzen ari da. Horretaz gainera, turismoari lotutako beste agente batzuekin ere batu dira Leartibai Garapen Agentzia eta ostalariekin esate baterako.
Turismo Mahaia egiten ari den lanak lehen emaitzak erakutsiko ditu hemendik eta Gabonak bitartean. Alde batetik,
herriaren planoa aterako dute puntu interesgarriak zehaztuta. «Markina-Xemeinera bisitan datorrenak, gidatuta ez badator, ez daki nondik nora mugitu ez eta zer ikusi, eta horrela laguntasun bat izango du», azaldu dute.
Bestalde,
autokarabanentzako leku bat zehaztu nahi dute eta tokiak aztertzen dabiltza.
Udalak onartu ditu Turismo Mahaiak egindako proposamen bi horiek, eta aldaketarik ezean, urte amaierarako prest egongo dira.
Azkenik,
frontoiaren gaia ere lantzen hasi direla jakitera eman dute Turismo Mahaiko kideek. «Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitateak kirola eta ondarea uztartzen ditu eta berak bakarrik behar du lantalde bat, gaia ondo jorratzeko». Joan den martitzenean egin zuten lehen batzarra. Gaur eguneko pilotariak zein betaranoak gonbidatu dituzte parte hartzera.