Eskaintza publikoa eta pribatua uztartzea du helburu Tourdaibaik
Elkarlana ezinbestekotzat jo du elkarteak Urdaibain turismo jasangarria bultzatzeko. Azpisektoreen mahaiak eratzearen garrantzia ere aipatu duUrdaibaiko Biosfera Erreserban turismoa bultzatu asmoz, sektore pribatuaren eta publikoare arteko elkarlana ez...
Elkarlana ezinbestekotzat jo du elkarteak Urdaibain turismo jasangarria bultzatzeko. Azpisektoreen mahaiak eratzearen garrantzia ere aipatu du
Urdaibaiko Biosfera Erreserban turismoa bultzatu asmoz, sektore pribatuaren eta publikoare arteko elkarlana ezinbestekoa dela esan du Tourdaibaik. Irabazi asmorik gabeko elkartea 2006an sortu zen, eta zuzendaritza berritu du orain. Helburuak eta erronkak finkatu dituzte, baina horiek lortzeko sektore pribatuaren adar guztien eta erakunde publikoen arteko sinergia behar dela azaldu dute.Busturialdean turismo jasangarria bultzatzea du helburu Tourdaibaik, eta elkartekideek argi dute turismoa erakartzeko, indartzeko eta sendotzeko ezinbestekoa dela enpresa pribatuen eta sektore publikoaren arteko elkarlana. «Urte osorako eta kalitatezko turismoa eskaintzeko gai da Urdaibai, eta hori da gure helburuetako bat», azaldu zuen atzo Tourdaibaiko zuzendaritza batzordeko presidente Iñaki Madariagak.
Sektore turistikoa bultzatzeko estrategia berria azaldu asmoz, prentsaurrekoa eman zuten atzo, Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan, eta Madariagarekin batera izan zen zuzendaritza batzordeko presidenteorde Jose Angel Carrera.
Elkartekideak gehitu
28 elkartekide dira, eta zortzi kolaboratzaile. Hala ere, zenbaki hori ez da nahikoa, haien iritziz. «Indarra eta babesa behar dugu, eta horretarako elkartekideen kopurua handitu behar dugu». Hori du xede Bermeon eta Gernikan egingo dituzten informazio batzarrek. Kafe Antzokian batuko dira bihar, 20:00etan; eta eguenean Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan izango dira, 19:30ean.
Informazio batzarrak egingo ditu Tourdaibaik bihar eta etzi, Bermeon eta Gernika-Lumon, hurrenez hurren. Elkartea ezagutzera ematea, oinarriak eta helburuak jakinaraztea eta kide berriak erakartzea izango da batzar horietako helburua.
Azaroaren 18an, bestalde, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanaren esperientziak elkartrukatzeko jardunaldiak egingo dituzte Busturiko Madariaga dorretxean. Jarduera horietan, Kataluniaako Costa Bravatik eta Arabako Errioxatik heldutako parte hartzaileek euren esperientziak partekatuko dituzte.
Azpisektoreen mahaiak
Bai arlo publikotik zein pribatutik, sektore ezberdinak batzea ere garrantzitsua dela dio Tourdaibaik. Arlo pribatuan, zerbitzuek, ostalaritzak, industriak eta lehen sektoreak bat egitea ezinbestekotsat jotzen du. Gainera, azpisektore horiek beraien lan mahaia izan beharko luketela azaldu dute Madariagak eta Carrerak. Alegia, turismo mahaia ez ezik, azpisektoreak batuko dituen mahaiak osatzeari garrantzia eman diote.
Tourdaibak jakinarazi duenez, datuen arabera, azken urteetan turismoak gora egin du Busturialdean, eta martxotik hona ere gorakada nabari izan dutela esan zuen atzo Madariagak. Dena den, turismorako urteko sasoirik zailena azarotik otsailera bitartekoa dela azaldu du Madariagak. Erronka horri ere aurre egin nahi diote jardueren eskaintza publikoa eta pribatua bat eginez.