Danel Lauzirika: 'Haize bafadak'
Sarritan mamuak etorri ohi zaizkigu bisitan, eta ez dugu jakiten zertarako datozen: geratzeko, malenkonia pizteko edota zerbait sutatik atera eta biziberritzeko. Giza-uholdea izaki, joan-etorrien gatibu gara nahi edo nahi ez. Aspaldiko Doc Marteensak retro eta garaikide bihurtu dira, baina hurrengo haize bafadak desagerraraziko ditu.
Pasa den asteburuan iraganak gogor jo zuen Ramadama arintzeko egin nuen aukera orotan. Mamuak gazte koxkor eta nerabezaroko kirol gustokoenaren forma hartu zuen. Zesta-punta une oro: Karlos Gorrindo gernikarraren azken nobelan, Erlea aldizkariaren bihotzean, Jai Alai Blues dokumentala zinema karteldegian. Domeka goizean ere antzeratsu hasi zen eguna, egunkari batek Remeni egindako elkarrizketa aurkitu eta gozatu bainuen. Busturialdea zein Lea-Artibaiko kirol nazionala, ia bakarra paraje hauetan hainbat urtetan, berriz ere lehen orrialdeetan ikusteak poztu egin ninduen zeharo. Gogoeta apur bat eginez gero, baina, ez zen alaitzeko kontua.
Aipatutakoetan fosilizatutako zerbait legez azaltzen da zesta-punta: urrezko aroa, IJAPAk eragindako gainbehera… Historia liburuetako kontuak ematen dute. Remeni egindako elkarrizketa dugu horren adibide argia: kultura atalekoa zen –dokumentalaren aitzakipean egindakoa–, kirolena beharrean. Tamalez, xisterak kirol izateari utzi diola dirudi. Ameriketako argazkiek, Paul Newman eta guzti, Paulino Uzkudun eta Urtainen garaiko balentriek besteko hautsa dute. Arriskutsurik bada, nostalgiarako joera hori da, komunikabideek orrialdeak edo minutuak betetzeko hain maisuki lantzen dakiten bera. Galarreta, Bergarako Munizipala, Jai-Alai edota Deportivoren miseriak haizatzeko gertu, ez dira bertako pilota eskoletan egiten den lan itzel eta duina erakusteko gai. Manila, Bridgeport, DF edota Macao ahaztu barik, Ezkurdin, Markinako Unibertsitatean eta Carmelo Baldan jarri beharko genuke arreta.
Ildo beretik, interesgarriak dira azken aldian zesta-punta suspertzeko herrian egin diren saiakerak. Kontu horietan zeharo purista nauzue, min ematen dit leporaino beteta ikusi dudan frontoira jendea erakartzeko musika elektronikoa jarri beharrak. Hala ere, biziraupena jokoan dagoenean, proba guztiak dira zilegi eta ongi etorriak.
«Gure kulturaren ikur izandako kirolaren memoria berreskuratu behar dugu» dio Ezpainak arrainak bezala eleberriko protagonista gernikarrak. «Memoria historikoa berreskuratu behar dugu, ez arlo politikoan soilik, baita eremu kulturalean eta kirolekoan ere, zesta-puntakoan, hain zuzen ere». Hori eztabaidaezina da. Berreskuratzeak, baina, ez dezala oraina ahaztu, kirola bera.