Gaur [azaroak 14] goizeko 09:00ak inguruan geratu da aske preso politiko ondarrutarra (08:30etan zen aske geratzekoa). Bi urte eta erdiko espetxealdia bete eta gero geratu da aske Alkorta. Espetxetik atera bezain pronto senideak topatu ditu aurrez aurre.
Urtza Alkorta, espetxetik atera bezain pronto.
Ondarrutarrentzako luze joan da eguna. Baina itxaropentsu eta alaitsu egon dira. Izan ere, bi urte eta erdi atzerago zubi harresian eraman zuten herritarra ikusteko orduak baino ez zitzaizkien geratzen. Alkorta 19:00ak puntuan ailegatu da Ondarroara. Eta ertzainek eraman zuten leku berean agertu da Alkorta, Plaiko Zubitik. Herritarren artetik, Aske Guneko kolore laranjako puzgarrien artetik, agertu da Alkorta.
Alamedan atzotik [azaroak 13] muntatuta zegoen karpa zuriaren azpira sartu da, herritarren besarkada, txalo eta emozio oihu artean. Irribarrez ailegatu da herrira. Eta irribarre hori ez du galdu une baten ere ez. Karpan zegoen agertoki txiki batera igo, eta talde, eragile eta bestelakoen opariak jaso ditu. “Urduri nago“, esan du mikrofonoa eskuetan hartu bezain pronto. Etxean zegoen, lagun eta senide artean, baina bi urte eta erdi atzerago bizi izandakoa gogora ekarri du segituan. “Nork bere erara bizi izan zuen Ondarroako Aske Gunea, eta orain, hemen nagoela, nire sentsazioak azaltzea gustatuko litzaidake”, gaineratu du. Denaren gainetik, Ondarroako Aske Guneagaz, “ahal dela” konturatu zela esan du. “Ahal da. Ahal dugu. Desobedientzia ekintza harek kolore askotako jendea batu zuen. Eta uste dut badela garaia, desberdintasunei baino berdintasunei begiratu behar diegu, eta indartsu aurrera egin”. Aldi berean, euskal jendartea geldirik ezin dela egon esan du. “Ezin gara zain egon”.
Oraindik herrian ez dauden preso politiko eta iheslarientzako hitzak eduki ditu Alkortak. “Ezin ditugu ahaztu. Eta aipamen berezia egitea gustatuko litzaidake, nirekin, sarekada berdinean atxilotu zuten Ibon Iparragirreri. Jasaten ari den egoera ez da normala, eta hemendik, nire babesik handiena ematen diot”. Hitz horiek herritarren txalo zaparrada ekarri dute.
Alkortak ondoko hitzekin amaitu du bere hizketaldia. “Gogoratu: ahal dugu. Jo ta ke, irabazi arte!”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.