Gaur goizean [azaroak 17] bete dute Lekeition, Lea-Artibaiko Sahelak Dajlara bidaliko duen kamioia.
2.560 kilo janari, 400 bat litro olio, 150 manta eta bi tonelada eta erdi arropa eramango ditu Dajlako lurralde osoan banatzeko. Kamioia ere bertan geratuko da, Glabat Elfula wilayan hain zuzen. Sahelak kamioia erosi eta urgentziaz antolatu zuen janari eta arropa bilketan batutakoa bidali ditu bertan.
Sahela elkartekoak kamioia betetzen gaur goizean Lekeition. Argazkia: Zuriñe Uskola
Urriaren 17an eta 18an Saharako Errefuxiatu Kanpalekuek euri-jasa indartsuak jasan zituzten, eta ondorioz, wilaya guztietan uholde izaugarriak egon ziren. “Dajla hurrunen eta kaltetuen gertatu zen lurraldea da, eta beraz, gure laguntza bertara bidaltzea erabaki dugu”, azaldu du Zuriñe Uskola Sahelako kideak.
Bilboko metroko beharginek daukaten elkartearen bidez eramango dute kamioia Dajlara. Elkarte horrek urtero karabana bat bidaltzen du Saharako kanpalekuetara, baina, uholdeek eragindako kalte eta galerak direla eta premia oraintxe dagoela azpimarratu dute Sahelakoek, eta Bilboko elkartearengana jo dute laguntza eske.
Lekeitio, Markina-Xemein, Ispaster eta Eako udalerriek hartu dute parte Sahelak antolatutako bilketan eta guztiei eskerrak eman nahi izan diete, bai eta Lekeitioko Udalari ere, kamioia erosteko diru laguntza eman duelako.
Sahela elkarteak Dajlara bidali duen kamioia. Argazkia: Zuriñe Uskola
Erantzuna izugarria izan dela jakitera eman du Lea-Artibaiko elkarteak. Horren handia, batutako guztia ezin izan dutela kamioian bidali. Hori dela eta, Orioko taldeagaz bat egin dute eta gelditu zaizkien lehengai guztiak euren bidez bidaliko dituzte Saharako kanpalekuetara.
Kamioiak gaur arratsaldean irtengo du Bilborantz eta eguenean aterako da bere azken norakora.
Aste bete barru kamioia Dajlan egotea espero dute.