Eneko Arrate: 'Zesta-punta, puntarik punta'
Milaka lagun harmailak betetzen. Pesetak, dolarrak, lira itailarrak edo pesoak barra-barra. Pilotarien irudiko tabako pakete, poster, kronika, metxero edo dadoak. Frontoiak Shanghain, Cairon, Manilan, Cancunen, Miamin, Orlandon, Bartzelonan, Madrilen, Jacartan, Tijuanan, Tangerren edo Zaragozan.
Zestaren urte magikoak ezagutu ez ditugunoi ulergaitza zaigu zer izatera heldu zen eta zer izan zen zesta-punta XX. mendean. Bizipen horien transmisioa galdu egin da familia eta herri askotan. Gure inguruan eragin handia izan du, jendearen bizitzetan eta ekonomian. Zoritxarrez, gauzak asko aldatu dira baina nahiz eta trintxeraz betetako lekua den zestaren mundua, oraindik frontoi batzuk martxan daude. Horren ondorioz, profesional mailako zesta-punta bizirik dago, estu, baina bizirik. Pilotari batzuk erretiratzen ari diren moduan, gazte batzuk debutatzen ari dira profesionaletan.
Bizitzaren legea. Laster, nire herriko bi gaztek, Jokin Arbe eta Jon Zabala lagunek beste bi Gernikarrekin batera, lehen aldiz gurutzatuko dute Atlantikoa Daniako frontoian jokatzeko, beste hainbat herritarrekin batera. Soka ez da eten. Poztekoa da. Horregatik, abenduaren 12an agur jaialdia egingo zaie pilotaren unibertsitatea den Markina-Xemeingo UNI frontoian, mahai inguru baten eta zesta partidu ederren bidez.
Munduko kirolik azkarrena estu dabil eta denon laguntza behar du. Zesta-puntak behar gaitu. Gure herriko ondare kultural honek behar gaitu. Iragana badugu. Oraina ere bai. Etorkizuna, gure indarren eta ahaleginen arabera moldatu eta gidatuko dugu.