Amaia Artetxe: 'Erasotzailearen konplizeak'
Eguaztena azaroak 25 izan da emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna. Mezu asko entzun doguz gizartean hain barneratuta dagozan jarrera sexistak zuzentzeko eta betiko ezabatzeko egin beharrekoez, heziketaren garrantzia azpimarratu eta datu asko emon dira. Datu asko eta altuak, altuegiak.
Emakume larregi hiltzen dauz ondiño be gizon batzuen gorrotoak; emakume libre eta menpekoak ez diranak maitatzen ez dabezan gizon gehiegi dauz ondiño be. Batzuk euren gorrotoa kontrolatu ezin eta emakumearen bizitza etetea erabagitzen dabe, muturrera eroaten dabe emakumeenganako gorrotoa eta beste batzuk gorroto horren konplize dira.
Konplize izatea delitu batean oso paper gogorra da gero; delitua exekutatzen dauanak beste errurik ez beharbada, baina, bizitza osoan gainetik kenduko ez dozun errudun sentimendua eragingo deutsu. Eta konplize izate honetan gizonak bakarrik ez, emakumeak be sartu behar dodaz. Eta ez dot neure burua sartuko ez baitnaz multzo honetakoa sentiten; ez dot bat egiten konplizitate jarrerekin.
Emon diran datu guztien artean batek asaldatu nau gehien; asaldatu eta harritu, hori ere bai. Euskaldunen %38k uste dau salaketa faltsu gehiegi jartzen dirala. Hori uste dabenek eta hala dala erantzuteko erabagia hartzen dauen horrek zer egiten dau epaitegietan lan? Bera ibiltzen da salaketak begiratzen eta aztertzen? Bere inguruan baten bat ezagutzen dau salaketa faltsua jarri dauenik? Nik neuk ezin neike ulertu. Ezin neike ulertu zelan baten batek galdetuz gero salaketa faltsuen inguruan zelan erantzun daiteken baietz, salaketa faltsu asko jartzen dirala. Oso larria da hau; larriegia. Zer esaten dabiz hori erantzuten dabenean? Emakume batzuek beste batzuen egoera penagarria probesten dabela… Zer lortzeko? Gurago dot justifikaziorik ez entzun; nahikoa da.
Bakoitzak pentsa daiala zertan dabilen, pentsa daiala momentu batez bakarrik zoritxarrez berak sufrituko balu salaketa bat jartzera behartzen dauan indarkeria motaren bat, behin erabagi gatx hori hartuta ea zelan sentituko zan bere ingurukoek historia faltsu bat asmatu dauala sinestuko balebe.
Sasoie da. Izan gaitezan serioak eta egin daigun ahalegin osoa erasorik bako etorkizun bat izteko gure seme alabei.
**Iturri judizialen arabera saleketen 0,01 dira faltsuak.