Auro Ansorregi Altzibar: '365 egun'
Lerro hauek irakurtzen ariko zara eta pasa gabe izango duzu atzoko ajea: Euskararen Egunarena. Esango nuke urteko ia egun guztiak egun seinalatuak bilakatu dituela gure gizarteak; euskararena, urarena, kotxerik gabekoarena, osasunarena… Interneten begiratzea besterik ez. Bide hau erabiliz jakin dut Eusko Ikaskuntza izan zela egun honen sortzailea 1949 urtean. Ez du euririk egin bada ordutik eta zein da euskararen egoera? Nola sentitzen gara euskaldunok?
Ene uste apalean ez gaude suziriak botatzeko moduan, ez horixe. Dirutza ikaragarria xahutu du administrazioak euskara planetan eta antzekoetan, eta emaitzak tamaina berekoak izan al dira? Ezetzean nago, dirua, ilusioa eta indar ugari joan dira bidean eta emaitzak ez dira nahi genituzkeenak. Gaur da eguna, leku ofizial batera deituta zaila dena euskaldun batekin hitz egitea, eta lehenengo hitza euskaraz egiten badizu gaitz erdi, agian hurrengoa gazteleraz egiteko eskatuko dizu hobeto moldatzen delako. Edo Ertzaintzak gelditu eta zorte handia izango duzu euskaraz aritzeko aukera baduzu. Eta adibideak amaigabeak izan daitezke, zoritxarrez.
Eta beste aldera jo ezkero zenbat ernegazio euskaldun etiketa ez diozulako jarri eta gazteleraz zuzendu ondoren berak euskaraz erantzun dizulako. Aurreiritziak traidoreak dira honakoan ere eta ondorioz, zeure buruarekin izaten duzun borroka eta amorrazioa etengabea izaten da baina ez dago atzera bueltarik. Euskaldunon «edukazioa» beti izan da eztabaidagarria baina uste dut jarrera horiek alde batera uzteko ordua iritsi dela. Beraz, arnasa hartu eta erabaki zein hizkuntza erabili, zure askatasuna eta erosotasuna ere jokoan daudelako.
Asko egin da baina gehiago daukagu egiteko. Herri aldizkariak, egunkariak, telebistak, blogak…. Dena behar, baina militanteak behar ditu euskarak oraindik ere. Urte askotxotan gabiltzanok badugu atzeko lerroetan aritzeko gogoa, erreleborik bai?
Sarri ez gara konturatzen zein zortea dugun herri euskaldun batean bizi garelako. Gurekin dugun ondarea herri askok nahiko luke berarentzat. Galtzen dugunean konturatzen gara eduki dugun horrekin. Ez gaitezela egoera horretara iritsi. Urte osoan bizi nahi dut euskaraz, ez egun batean soilik, eta lanean jarraituko dut hala izan dadin, baina denon inplikazioa eskatzeko atrebentzia ere hartzen dut.
Eta kolpera gogoratu naiz, datorren urtean anbulategiko Don Jose medikua jubilatu egingo da, Osakidetzak kontuan izango al du Mutriku herri euskaduna dela!?