Auro Ansorregi Altzibar: 'Telebista'
Gure betiko lagunari bezala irekitzen dizkiogu etxeko ateak eta lekurik onena hartzen du. Batzuentzat ezinbesteko laguna da, beste batzuk ordea, kasu egin bai, baina arreta gehiegi jarri gabe. Askok, lo-arazletzat dute eta bere aurrean botatako zurrungak izaten dira gozoenak. Denetik hemen ere, botikan bezala.
Urtea bukatu aurretik egin zuen pott etxeko telebistak. Esaten dute egungo etxetresna elektrikoek eurekin dakartela iraungitze data eta ez nuke ezetzik esango. Hilabeterik aproposena ere ez gastuetan sartzeko eta erronka jarri nion neure buruari; bere konpainiarik gabe bizitzearena.
Aitor dezadan hasieran hutsunea sentitu nuela, baina egunak pasa ahala haren espazioa beste batzuk bete zuten. Baina ez du asko iraun nire zorionak. Edozeinek esango luke esker txarrekoa naizela Gabon bueltan Olentzero edo antzeko norbait opariarekin agertu zelako.
Nik ere gustuko dut kaxa tontoaren aurrean eseritzea. Pelikula zalea bainaiz. Gustuko ditut albistegiak, solasaldiak… Baina azken aldian, aspertuta itzali eta beste zerbaitetan ematen dut nire denbora.
Lau kate Euskal Telebistak eta ia inork kateatzen ez. Gustuko zerbait badago, hori, lan orduetan, desorduetan edo berandu. Askotan, iragarki etenak ohera joateko bidea izaten dira. Bestalde, errepikapenak errepikatuz, jendea, eta ni tartean, nazkatzea besterik ez dute lortzen. Programa bat edo zerbait ona bada, behin eta beste behin eman eta eman, erre arte. Asteburuetan berriz kirola, kirola eta errepikapenak. Programazioa begiratu eta kanpoko telebistaren kopiak direla ematen du: sukaldeko programak, errealitiak, lehiaketak, bakeroen filmak, behin eta berriz ikusi eta berrikusitakoak… Zerbait ona ere, onartu behar diot telebista honi, nahieran ikusteko aukera.
Ziur naiz gure herri santu honetan badela kalitatezko telebista egingo lukeen bat baino gehiago, profesional onak daudela gurean, eta ematen al zaie aukerarik? Denon diruarekin sortutako azpiegiturei etekinik ateratzen al zaie? Azpikontratuak eguneroko ogia bilakatu dira hemen ere. Hau al da euskaldunok merezi dugun telebista?
Behin eta berriz ari da ETB ikusleen neurketak egiten eta dominak jartzen bere buruari, nik neure zalantzak ditut ematen dituzten kopuruekin.
Telebistak helburu desberdinak izango ditu bakoitzarentzat; batentzat entretenigarria izango da, besteari ikasteko balioko dio, beste batek berriz, loxumak egiteko erabiliko du. Pribatuak diren telebistak euren helburuak dituzte, baina publikoa denari, kasu gureari, gehiago eskatzen diot.