Uemako kide izanda, euskararen arnasgune izaerari eutsiko dio Eak
Azken 30 urtean euskararen ezagutza %15,6 jaitsi da herrian, eta ezagutza indizea %77 da gaur egun. Zapatuan onartu zuten Ea Uemako kide izateko eskaeraUemako (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) kide da Eako Udala, zapatuaz geroztik. Zarautzen egin z...
Azken 30 urtean euskararen ezagutza %15,6 jaitsi da herrian, eta ezagutza indizea %77 da gaur egun. Zapatuan onartu zuten Ea Uemako kide izateko eskaera
Uemako (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) kide da Eako Udala, zapatuaz geroztik. Zarautzen egin zuten Batzar Nagusia, eta, beste gauza batzuren artean, Eako Udala mankomunitateko kide izatea onartu zuten.Azaldu zutenez, Ean euskararen ezagutza %15,6 jaitsi da azken 30 urtean, baina, hala ere, udalerri euskalduna dela oraindik. Gaur egun, %77,1 da euskararen ezagutza indizea. Eako Udalaren arabera, «arnasgunea da, oraindik ere modu naturalean euskaraz hitz egin daitekeelako, askorik pentsatu gabe. Belaunaldiz belaunaldi jarraipena izan du euskarak Ean».
Kezka
Azken urteotako joerak, ordea, kezka sortu du herritarrengan eta udal ordezkariengan, eta horri erantzun nahi izan diote Uemara sartzeko erabakiarekin: «Orain bidegurutzean gaude, eta Ueman sartzeko erabakiak datozen urteotako norabidean eragina izango du dudarik gabe. Arnasgune izaera horri eusteko ahalegina egin beharrean gaude, eta azken urteotako joerari buelta eman behar diogu», nabarmendu du Arritxu Zelaia Eako alkateorde eta euskara zinegotziak. Bera izango da udalak aurrerantzean Ueman izango duen ordezkaria.
Busturialdeko kostako herriak azaroko udal osoko bilkuran erabaki zuen Ueman sartzeko eskaera egitea, eta batzar nagusiak zapatuan berretsi zuen eskaera hori.
Udalerri Euskaldunen Eguna noiz egingo duten ere zehaztu zuten zapatuko batzar nagusian. hain zuzen ere, maiatzaren 28an egingo dute, Leitzan.
Urtea amaitu orduko Uemako kide diren udalerrien kopurua 80ra heltzea aurreikusi du Udal Euskaldunen Mankomunitateak.