Gipuzkoako batel ligan ez du emaitza onik lortu Mutrikuk
Gipuzkoako batel ligan jokatu diren lau jardunaldietan ez du emaitza onik lortu Mutriku arraun taldeak. Ez dute zorte onik izan, eta azken postuetan dabiltza. Domekan [urtarrilak 31] Trintxerpen jokatutako estropadan, esate baterako, gazte mailako taldeak 13. postua lortu zuen, eta nagusiek, aldiz, 8. amaitu zuten proba.
Gazteen probari dagokionez, lehen ziabogan nahikoa aurretik ibili ziren, eta bigarren ziabogan ere beste talde batzuk baino hobeto aritu baziren ere, 13. amaitu zuten. Guztira, 09:41,65 behar izan zuten proba amaitzeko, irabazleek baino 58,51 segundo gehiago.
Nagusien kasuan, aldiz, postu on bat lortzea zailagoa izan zen. Izan ere, batel batetik besterako aldea oso estua izan zen. Lehen ziabogan, esaterako, guztiak zazpi segundoren parean ibili ziren, eta bigarren ziabogan handitu ziren aldeak. Proba amaitzeko 09:14,85 behar izan zuten mutrikuarrek, lehen sailkatuek baino 21,42 segundo gehiago.