Lasterketa zapatuan [urtarrilak 8] ospatu zen, Idiazabalen. Mutrikuko
Oier Mendizabal ondo aritu zen pneumatiken Gx kategorian; sailkapeneko seigarren postua eskuratu zuen mutrikuarrak.
Sailkapeneko lehenengo saria, ostera, Busturialdean geratu zen: Trokan Behera taldeko
Ibai Zumalakarregi pilotu eta Ibai Ajuriagoikoa kopilotu gernikarrek lortu zuten denbora onena egitea.
Talde bereko
Iskander Kobeaga eta
Gorka Muniategi irabazlearen kategoria berean lehiatu ziren, alegia, pneumatiken Gx klasean, eta zazpigarren egitea lortu zuten. Ereñoko Jon Naberan bi horien atzetik sailkatu zen.
Trokan Beherakoak beste hainbat klaseetan ere lehenengoen artean ibili ziren. Drift Trike kategorian, esate baterako, laugarren egin zuen
Ibai Urrutia gernikarrak, eta bigarren eta laugarren egin zuten, berriz,
Jon Kepa Jauregi eta
Dani Jauregi anaiek, hurrenez hurren, Skeleton mailan.
Ibai Zumalakarregi eta Ibai Ajuriagoikoa, Idiazabalen. Argazkia: Aimar Maiz / Goierriko Hitza
Buru Barik taldeko
Samuel Torrico mundakarra nagusitu zen azken kategoria horretan, eta seigarren egin zuen, aldiz, bere anaia Bingen Torricok.
Azkenik, ohiko goitibeheraren gainean lehiatu zen parte hartzaile bakarra izan zen
Eduardo Vallejo gernikarra.
Hurrengoa, Bergaran
Hasi baino ez zuten egin zapatuan aurtengo liga, eta oraindik, hainbat dira lehiatzeke dituzten lasterketak. Maiatzaren 14an, esaterako, Bergaran edukiko dute hitzordua, berriz ere, goitibeheren gainean nor den azkarragoa erakusteko. Ordura bitartean, Legazpin ere lasterketa bat egitea litekeena dela aurreratu du Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioak.