Eibar futbol taldera itzuli da Jon Ansotegi berriatuarra, talde armagina eta Real Sociedad akordiora ailegatu ostean. Denboraldi amaierara arteko kontratua adostu dute, beste denboraldi bat luzatzeko aukeragaz. Berriatuarrak gaur [otsailak 2] bertan entrenatu du Eibarregaz.
Iazko ekainaren 1ean talde txuri-urdineko zuzendaritzagaz kontratuta urtebeterako luzatuta, ekainaren 30era arteko kontratua zeukan Realagaz. “Oso pozik” agertu zen kontratua berrituta.
Jon Ansotegi, Eibarrekin entrenatzen. Argazkia: SD Eibar
Aldaketak aldaketa, Ansotegi
ondo ezagutzen duen taldean ariko da. Eibarko harrobitik sortutako jokalaria da, eta Realera joan aurretik Barakaldon jokatu zuen talde armaginak lagata. 2003ko abuztuaren 30ean debutatu zuen Real Sociedad Bgaz, Bilbao Athleticen aurka (0-0); eta 2006ko urtarrilaren 22an, berriz, Donostiako lehen taldeagaz (Real Sociedad 3-3 Athletic). Azken horregaz 178 partida jokatu, eta 10 gol sartu ditu, gehienak estrategia jokaldietan.
Realaren eskertza
Realak eskerrak eman dizkio Ansotegiri “adierazitako konpromiso, profesionaltasun eta taldearekiko maitasunagatik”. Alor pertsonal zein profesionalean onena opatu dio.
Eibar taldeak, bestalde, “ongietorria” eman dio berriatuarrari sare sozialen bitartez.