Hiru euskal emakume idazlerekin mahai-ingurua gaur, Astran
Duela bederatzi urte sortu zituzten Sareinak taldea eta bloga, eta aurtengo urteurrena Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialean ospatuko dute. Hala, hiru euskal emakume idazle batu, eta mahai-ingurua antolatu du feminismo literarioak lantzen ...
Bi helburu nagusirekin sortu zuten Sareinak bloga hainbat literatura kritikari, irakasle eta zaletuk: batetik, euskararen munduan literatura eta metodologia feminista uztartzea; eta, bestetik, emakume idazleen lanak ezagutzera ematea eta zabaltzea. Antolatzaileek diotenez, gaurko hitzorduak bi helburuak betetzeko balioko du. Izan ere, fikzioaren gorputza erdigunean jarrita, metodologia eta kritika feministaren adarretako bati helduko diote, eta, horrez gain, hiru euskal idazleen lana gehiago ezagutaraziko dute.
19:30ean hasiko da mahai-ingurua, eta parte hartzeko deia egin dute. «Bertan, kolore urdin, beltz eta gorriz tintatutako hitzei begira jarriko gara, eta solasaldi literario ederraz gozatuko. Animatu eta parte hartu!».