Urberuagako bainuetxearen goialdean bizi izan da beti Luis Zelaia Balentziaga, eta kokapen horrek pasarte eta bizipen berezi asko eskaini dizkio. Urberuagako ingurura gerraren etorreratik hasi eta frentea gainditze-arteko ibilbidean, zazpi hilabete luzez, gertatutakoen kontakizun aberatsa egin die Ahaztuen Oroimena 1936 elkartekoei.
Miliziano eta gudarien etorrera eta defentsa posizioen finkatzea, euren baserrian artatutako errefuxiatuak, CNTko milizianoak Azpiltza inguruan kamioi blindatuekin ibiltzen zirenekoak, kuartel bihurtutako Urberuagako bainuetxearen eraikina babesteko egindako lanak, arkupeak burdinez eta harea-zakuz indartu eta mendian zulatutako babeslekuak, inguruan pairatutako bonbardaketak, hildako militar eta baserritarrak, apurtutako etxeak, Larruskaingoikora bertako Manuel atxilotzeko egindako ahalegina, faxistak Jose Sagarna abadea fusilatzearen ingurukoak, 1937ko otsailaren hasieran beste aldetik auzoko familia birek frentearen lerroa gainditu eta Urberuagan agertu zirenekoak, Ortulaunen Ordena Publikoko zaintzaile bat hil zutenekoa, Jose Antonio Agirre ingurura etorri eta Agarren meza eskaini zioteneko argazkian bera akolito lanetan agertzen dela, soloan lanean zela aita metrailatu zutenekoa, Jose Luis Gaytan baserri-baserri ezkutatzen ibili izana, frentea apurtu aurretik bigarren lerrora pasatzeko hartutako aginduaren aurrean etxekoak emandako ezezko erantzuna, frankisten sarrera eta beste hainbat kontu patxadaz eta txukun azaltzeaz gain, gerra ondoren gertatutako beste kontu batzuen berri ere eman die elkartekoei, besteak beste.
Amallotarraren solasaldiko pasarterik interesgarrienak laburbildu dituzte bideo baten, eta ordu erdiko iraupena izango duen bideo osoa ikusgai jarriko dute bihar, Ahaztuen Oroimenaren webgunean. “Garai hartako gaztetxo baten ikuspegitik landutako oroimena da, berak eta bera bezalakoek bizi izandakoaren garrantziaz jabetzeko baliogarri izango dena”, zehaztu dute.
Luis Zelaiaren testigantzagaz gain 120 testigantzatik gora jasota ditu Ahaztuen Oroimena elkarteak, horietako batzuen bideoak ikusgai daude baita ahaztuenoroimena.com webgunean.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.