Nagusiak ere kulturalki eta herritar bezala aktibo
San Roke egoitzako nagusiek egindako lanen erakusketa eta zahartzaroari buruzko argazkiak ikusgai daude egunotan Uhagonen. Erakusketa denen artean ikusteko hitzordua jarri dute bihar.Ekintza ezberdinetako argazkiak eta eskulan batzuk ikus daitezke egun...
San Roke egoitzako nagusiek egindako lanen erakusketa eta zahartzaroari buruzko argazkiak ikusgai daude egunotan Uhagonen. Erakusketa denen artean ikusteko hitzordua jarri dute bihar.
Ekintza ezberdinetako argazkiak eta eskulan batzuk ikus daitezke egunotan Uhagon kulturguneko kafetegian. San Roke egoitzako nagusiek egindakoak dira. Urte osoan egiten duten lana kaleratu eta zahartzaroari buruz dauden aurreiritziekin apurtu nahi izan dute erakusketa baten bidez. Horrela, gaur egun bultzatzen den zahartzaro aktiboaren erakusleiho bihurtu dituzte Uhagoneko hormak.Eskulan eta era askotako ekintzak egiten dituzte urtean egoitza eta eguneko zentroko erabiltzaileek: gimnasia, orientazioa, musikari lotutako ekimenak, irakurketa tailerra, irteerak, beste egoitza batzuekin hartu emonak, bai eta belaunaldi ezberdinetakoekin jarduerak ere. Horrela, esate baterako, Sormen Lantegiko umeekin ere elkartu dira eta guztiek batera egindako lanak ere ikusgai jarri dituzte Uhagonen. «Jolasaren bidez ume eta nagusien arteko hartu emana ematen da», azaldu dute San Roke egoitzako beharginek.
Aurkezpena, bihar
Generazio arteko jarduera horretako bat izan zen bai eta, argazkietan ikus daitekeen Pirritx eta Porrotxen bisita. «Aurreko astean ere Santa Ageda abesten izan ditugu hemen Bekobenta eskola, Bera Kruz Ikastola, eta gazte eta nagusien abesbatzak», zehaztu dute egoitzakoek. Aste honetan, berriz, inauteriak zirela eta, Hippy jantzi dira, aurreko asteetan prestatutako mozorroekin.
Horren guztiorren jakitun egin nahi izan dituzte herritarrak, bai eta senideak ere. Horretarako, erakusketa denen artean ikusteko, Uhagonen elkartuko dira, bihar, 11:30ean eta umeekin egindako laneko diapositiba batzuk ere ikusiko dituzte.
Erakusketa ikusgai egongo da domekara arte.