Auro Ansorregi Altzibar: 'Atzo baino gehiago, bihar baino gutxiago'
Batek baino gehiagok ezagutuko du leloa, aspaldikoa bada ere. Etzi San Balendin eguna. Maiteminduen eguna…? Hala bonbardatzen gaituzte behin eta berriz komunikabideek, maitasun erromantikoak oraindik ere asko saltzen duenaren seinale.
Maitasun erromantikoren mitoak indarrean dirau, batez ere gazte eta nerabeen artean. Printze urdinak: indartsuak, ausartak, babesleak. Printzesa arrosak: gozoak, ederrak, menpekoak. Aktiboak gizonezkoak. Pasiboak emakumezkoak. Saldu nahi duten maitasun ereduak ez gaitu osotasunean irudikatzen emakumeok. Laranja erdiak beste erdia bilatu behar du. Gabeziazko pertsonatzat gaituztenez perfektuak izateko beste persona bat behar dugu ondoan, derrigorrez.
Bizi dugun inguruak horretan laguntzen duela esango nuke; telesailak, reality-ak, aldizkariak, musika letrak… «Zu gabe ez naiz ezer», «bizitza guztirako maitasuna», «zurekin betirako» eta antzeko leloek horretara bideratzen dituzte. Maitasunari buruzko kantu asko egiten dira, eta ia beti topiko erromantikoak erabiltzen dira. Existitzen ez den harreman ideala irudikatzeaz gain, maitasun eredu honek gure burua gutxiezteko balioko du, orekarik gabeko harremanak bilakatuz.
Maitasun erromantikoa, kontrolaren zelofan paperean bilduta dator askotan. Gazte eta nerabeek ez dute indarkeria fisikoa eta sexuala onartzen, baina askoren burutan, bikotekidea kontrolatzea; hau da, norekin hitz egiten duen, nola janzten den, zein lagunekin ibiltzen den kontrolatzea, ez omen dago gaizki ikusita, ez dute indarkeriatzat hartzen. Hori diote behintzat inguruan egindako ikerketek. Kontu hauek «normalak» omen dira bikote harremanetan, eta egungo sare sozialak tarteko, izugarri errazten dute helburua.
Janzteko era, hitz egiteko modua, izaera kontrolatzeak norbanakoaren askatasuna eteten du. Gizonezkoaren bizitzan maitasuna ez da bizitzaren ardatz nagusia.
Gizonezkoak ez ditu berdin baloratzen bikote harremanak. Emakumeoi, maitasuna gure bizitzaren zutabe nagusia dela sinistarazten digute, horren inguruan gure bizitza antolatu dezagun.
Egun oraindik, neskak eta mutilak ez dira berdintasunean hezten, ume-umetatik ematen da botere harremana, zoritxarrez.
Badugu zeri eman gatza; oinarriak, heziketa, kultura eta nahi den guztia aldatu ezean, hau da, patroi zaharrekin jarraituz, biribilgunean bueltaka jarraituko dugu.