Mintegietako arduradunek espero baino jende gehiago egon da, gaur goizean, Markina-Xemeinen ospatu den XV. Zuhaitz, Landare eta Baserri Tresneria Azokan. Euriak tarte bat eman du, eta eguzki izpiak ikusita, asko izan dira Plazabarripera hurreratu diren erosleak. Eguraldi ona eskertu dute mintegietako arduradunek.
Betiko modura, eguerdiko orduetan batu da jende gehien. Hala ere, erosleak goizetik ibili direla jakitera eman dute Plazabarripera euren eskaintzarik hoberena ekarri duten 13 mintegietako nagusiek.
Jendea landarak erosten, gaur goizean, Markina-Xemeingo Zuhaitz, Landara eta baserri tresneria azokan.
Barruko zein kanpoko landara eta lorak, eta era guztietako zuhaitz eta zuhaixkak, aurkitu dituzte azokara hurreratu direnek. Zuhaitzen kasuan, batez ere fruta arbolak izan dute eskari gehien, eta denen artean izarra, sagarrondoa izan da. Horretaz gainera, laranjondo, limoiondo eta kiwi arbolak saldu dituzte, batez ere, mintegiek. “Landatzeko garaia da eta askok azoka honetan baliatzen dira behar dutena eskuratzeko”, azaldu dute.
Fruta arbolez gain, intsusa, elorri beltza, haltza, erainotza, kantauriko artea, gurbitza, gorostia, artelatza, urkia, pagoa, zumalakarra, hagina, ezkia, lizarra, erramua eta artea ere egon dira aukeran azokan.
Landara eta lorei dagokienez, jasmina, izpilikua, ezkaia, larrosa, bugainbilea, hortentsia, geranio, margarita, ziklamen, azalea, eta pentsamendu dotoreak egon dira ikusgai bestak beste, eta azken hiru horiek erosi dituzte, batez ere, azokan egon direnek.
Nekazaritza atala
Mintegiez gainera, eskualdeko ekoizleen produktuak ere harrera ona izan dute azokazaleen artean. Ogi, gozo, ezti, txerriki eta ahatekien zortzi postu egon dira. Alboan izan dituzte, gainera, Markinako eta landa inguruko aintzainako argazkiak ere, Sopelanatik etorri den Luis Torresen postuan.
Bestalde, Urretxuko Eko Beroren sukalde eta kalefazio ekologikoen erakusketa bat ere egon da.
Plazabarripeko punta batean egon da, azken urteetako modura, Ekozain ekologia taldeak jarri duen txosna. Taloak jan eta eskualdeko sagardo eta txakolina dasdatzeko aukera izan du, nahi zuenak, bertan. Umeek, gainera, taloak egiten ikasteko aukera izan dute, eta hantxe ibili dira oreari kolpeak ematen.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.