Eneko Arrate: 'Eskola txikiak'
Nire belaunaldiko askoren gurasoek gure inguruetako auzo-eskoletan hasi zituzten ikasketak. Auzoko guztiak biltzen ziren eskola txiki haietan. Eredu hori desagertu egin zen hainbat arrazoi tarteko, eta ikastola edo eskola handien ereduak hartu zuen indarra. Ume guztiak eraikin handietan pilatzen hasi ziren eta eskolak, fabrika handiak izatera pasa ziren. Herri ertain zein handietako ikasleok eskola fabriken eredu honetan hazi gara, ordutegi, sirena eta uniformeekin. Eredu honi buelta ematea asko kostako zaie guraso zein ikastetxeetako langile tropa erraldoiei.
Zorionez, martxan daude beste abiadura batean funtzionatzen duten herri txikietako eskolak eta nola ez, gure eskualdean ere badaude. Ikasturte honetan eskola txiki horiek barrutik ezagutzeko zortea izan dut eta ikastetxe handiekin alderatuz, beste giro bat, beste umore bat, beste lasaitasun bat sentitu dut irakasle, guraso, zein ikasleen artean. Gipuzkoako herri txiki batean ere izan nuen bi urtetik hamar urte bitarteko hamazazpi ikasleko eskola txiki bat gertutik ezagutzeko aukera, bi urtez. Ederra zen ikustea herriko tabernan bazkaltzen zutela, catering-ak baztertuz, beraien jolastokia herriko plaza zela, denek elkar babesten zutela, elkarri laguntzen zietela eta batez ere elkarrekin bizitzen ikasten zutela.
Agintari askoren ustetan dirua galtzea da horrelako proiektuak martxan edukitzea. Horregatik, beharrezkoa da eskola txikiak babestea eta ahal bada berriak martxan ipintzea, Ziortza-Bolibarren adibidez.
Eskola txikiak, herri eta auzo, geroaren bila, pausorik pauso dio 2008an Gipuzkoako eskola txikientzako pailazo ospetsu batzuek sortu zuten abesti ederrak. Eskola txikirik gabe, nekez biziko dira herri txikiak. Eta herri txikirik gabe, hankamotz joango gara geroaren bila.