Amaia Artetxe: 'Tapako data hori'
Gaur goizean irakurri dot Copenhaguen (Danimarka) kadukatuta dagozan elikagaiak saltzen dauazan supermerkatua arrakasta lortzen ari dela hiritarren artean. Albisteak diñoanaren arabera, jatetxea ere badu, eta zerbitzu horrek be harrera ezin hobea izan dau.
Bada, atentzio eman deust barriak, zer esatea gura dozue. Zuok joango zinateke epe muga gaindituta dabezan produktuak saltzen dauazan supermerkatu batera etxerako erosketa egitera? Baiezkoa bada erantzuna, zoragarri irudituko jat, eta ezezkoa bada, ulergarria.
Izan ere, horrenbeste urtetan horrenbesteko matraka emon deuskue beti begiratzeko noiz kadukatzen dan produktu bat jan aurretik, paranoia batean bizi izan garala. Bueno, bizi garala esan beharko neuke, beharbada, ze ondiño be, batzuetan –nahiz eta nire kasuan aspaldian asko erlajatu nazen– kadukatuta dagoala ikusten badot… alarma guztiak pizten jataz! Hori janez gero, hilko banintz bezela! Edo ez naz hilko? Ez da ezer pasaten orduan? Engainatu gaituzte beste behin orduan! (ironia hutsa, badaezpada).
Baina orduan zertarako jartzen dabe data hori? Bueno, eztabaida ezaguna da.
Edozela be, eta ikusten danez, askok botaten dogun janari horregaz supermerkatuak eta jatetxeak martxan jartzen dira, eta ez hori bakarrik. Izan ere, dirudienez, badau janari hori kontsumitzeko oso prest dagoen jendea. Eta ez gabiz beharra dabenen inguruan berbetan, badirudi horreek dana onartu behar dutela eta; ez, epe muga gainditu gabeko janaria erosteko ohitura dutenen inguruan baizik.
Copenaghetik heldu jaku, beraz, beste arrazoi bat sartu gaitutzen zurrunbilo kontsumista paranoiko horretatik ataratzen hasteko.
Hozkailuan daukadaz pare bat yogurt gaur kadukatzen diranak, uste dot bihar merienda eta afarirako gordeko dodazala.