Natxi Aranburu: 'Xelebrea da'
Egunotan eguraldiak ez digu laguntzen kanpoan ibiltzen. Erretreta hartuta egonik eta adinez ondo hornituta, etxe barruan hari edo honi tiraka moldatzen gara, Hitza irakurri ondoren. Gure bi eskualdeetako txutxumutxuez jakinean ondo jantzita egon gura duenak, biderik argigarrienetariko bat ei du berau. Eta zer gehiago?
Bada, egunotan telebista piztu eta Bilbon a ze ostiak eman zituzten zerk eta futbol partida batek sortarazitako sukarraren ondorioz, ikusi! Edo Otegik Logroño utzi, eta inoiz utzi beharrik ez zuen bere bizitokia hartzen duen herrira bueltatu dela. Edo azkenik, Madrileko kongresuari so joan zaizkigu hainbati orduak, negu arin honetako pasarte kaskarrenei aurre eginaz.
Eta aitortza egin behar, kongresu horrek eta beste inoiz antzeratsu halako kongresu, parlamentu zein parekoak ikaragarrizko entretenimentua ematen dutela. Hausnarketarako bide ere badira. Pertsonalki horretan jartzen dut atentzioa.
Adibidez, zalantzaz betea nago zer definizio merezi duen foro horrek; gehiegitan arerioari (disimulatzeko edo, politikoa esaten da) gaina hartzeko eta mailukatzeko modurik barregarrienak –eta iraingarrienak– erabiltzea posible den gunea, zeinetan beste alde batetik, herritarrok emandako bozken bitartez, geure gobernurako arduradun hautatuak ditugu protagonista.
Kuriosoa da baita ere analistek edo kazetariek han hizketaldietarako biltzen direnei buruz esaten dituztenak entzutea; ikuskizun itzela da. Ikusi eta entzundakoek eraginik asaldatzen ez bazaituzte, ikaragarri entretenigarria.
Akaso gaitza, sistemikoa da.
Esaterako, politikari batek besteari miserablea dela esaten badio, zuzentzat jotzen da edo ingurumari horretan badu halamoduzko pasea, baina putakumea deitzen badio gauzak aldatu egiten dira; zer ote da gaiztoagoa, miserablea edo putakumea? Bigarrena beste batzuek eragindakoa da, eta norbera ez da horren erantzule, baina miserablea miseriak pilatuz norbanakoak badu ezinbestean konplizititatea, gutxienez.
Biraoak zergatik dira berba motzak parlamentuetan eta ez horrenbestekoak parlamentuetako karrejuetan? Onintza Enbeitari «en mi coño y en mi moño mando yo» holako parajean entzutea itsusia da, nahiz-eta ahopean irribarretxoa bota, kalean ostera, bertsolari senaren erakusgarri.
Zer dela-eta taldeen arteko eztabaidetan «eta zuk gehiago» argudioa hain da zabala? Normala jende askoren ahotan «danok dozak/n bardiñak» entzutea, batzuek besteengandiko bereizteko, kantitateak jartzen badu marra.
Zelan demonio ikasi eredu horietatik, batzuetan berbetan ere ez badiote elkarri uzten, edo zartaka ekiten badiote elkarri, edo egon ere ez badaude entzuteko tenorean? Ze sinesgarritasun dute diktatzen dituzten arauak eta pedagogiak?
Badakit beste gauza serioagoak eta sakonagoak eta garrantzitsuagoak egongo direla, baina egunotakoa ez da serioa! Eta ikasi, ikasi zipitzik ere ez. Xelebrea bai bada, batzuetan, eguraldi kaskarraren kulpaz telebista ikusten egotea. Apur baten.