Esteban Irusta Mallea: 'Euskarari buruz'
Munduan gero eta jende gehiago mugitzen da,alde batetik bestera. Munduaren handitasuna txiki gelditzen ari da. Gehienak lanagatik, behartuta, beste batzuk turismoa egiteko, toki berriaz gozatzeko asmoz, eta azkenengo denboratan gerratik ihes eginez. Azkenengo hauen panorama, benetan gogorra izaten ari da. Arazoa handia da eta politikoen portaera, penagarria. Konponbidea zaila da, baina Europako agintarien ezintasunak arazoari irtenbidea aurkitzeko denok harritu gaitu. Euskal Herrian aspalditik sufritu, jasan dugu kanpotarren etorrera. Gaur egun, gehiago dira jatorria Euskal Herritik kanpo dutenak,bertakoak baino. Denok aske izan beharko ginake nahi dugun tokira joateko, geuk nahi dugun bizitza egiteko edo ahal dugun modura antolatzeko.
Inori ez zaio gustatzen herritik kanpora joan behar izatea. Hizkuntza, ohiturak, kultura desberdinakin aurkitzen dira, eta hori ez da gustuko platera inorentzat.
Gaur egun, munduko toki askotako jendea dator. Kultura desberdineko haurrak eta helduak, eta arazoak ugaritu egin dira. Eta ikastetxeetan arazoak biderkatu egin dira, bai irakasleentzat, bai eta bertako eta kanpotik datozen ikasleentzat ere. Helduak ere mundu berri batera egokitu behar izan dira. Kasu hauetan guztietan, Estatu txikiek arrisku gehiago dituzte handiek baino. Euskaldunok gaude egoera honetan. Katalanek jarrera gogorra izan dute beraien hizkuntza defendatzen. Arlo honetan, gu bigunegiak izan gara eta izaten ari gara.
Adin bateko jendeak baditu nahikoa arrazoi euskeraz irakurtzen eta ulertzen zailtasunak izateko, zoritxarrez, behartuta, beraien ikasketak Gaztelako hizkuntzan egin zituzten eta. Baina ez da samurra ulertzea gaurko haurrek, eta batez ere, gazteek eta helduek, muzin egitea euskerazko idatzizko munduari. Zabalak izatea oso ondo dago, eta behartuta gaude gainerako beste hizkuntzak jakitera; zenbat eta gehiago jakin, hobe. Gaurko lan-munduak, neurri handi baten, hori eskatzen du.
Gehienok Euskal Herrian egiten dugu geure bizitza, eta «zertarako balio duen euskara jakiteak» esaten dutenei, erantzuna argia eman ahal diegu: «Geure hizkuntza delako; euskaldunok, milaka urtetan, bata bestearekin komunikatzeko erabili dugun hizkuntza delako». Ez dugu behar beste arrazoirik. Hizkuntza bat ezin da menperatu hitzegiten eta irakurtzen ez bada. Hori lortzen ez dugun bitartean, ez gara gustura geldituko. Euskarari buruz, batez ere, ezagutzen ez dutenen aldetik, eta ez asmo onenarekin, oso ezaguna da topiko errepikaria hau: «Oso zaila da».
Ez naiz orain hasiko berari buruz esandako astakeri guztiak aipatzen. Alde batetik, ezinezkoa izango litzatekeelako, eta bestetik, alperrikakoa. Gaur egun, neurri handi baten, gezur horiek gaindituta daude, baina ez guztiz desagertuta, euskaldunen artean ere. Euskarari eskainiko bagenio gaztelaniari beste denbora, hau da, euskaraz irakurriko bagenu erderaz beste, ez genuke horrela pentsatuko. Baina gaztelaniaz inguratuta bizi gara eta hau zailtasun handia da. Egoera honek ahalegin berezi bat eskatzen digu denoi. Sasoi baten euskararen egoera ez zegoen gure eskuetan, baina gaur egun bai. Euskaraz gehiago irakurtzea beharturik gaude. Dena ez da kanpotarren, etorkinen, errua.