Eñaut Apaolaza: 'Bidasoa Lea-Artibaitik igarotzen da'
Ekaina amaieran eta iraila hasieran aurpegi beltzez aipatzen da telebistan, irratian, gure kaleetan Hondarribiko plastiko beltzen maskarada, Alardean menperatzearen alardea Irun eta Hondarribian. Bidasoa plastiko beltzean bildua.
Gizarte matxista honek bere aurpegi beltzena erakusten duenean, lepoa erraz ematen zaio, berehala dakigu gu ez garela hori, hori matxismoa dela. Gure garbitasuna eta gizalegearen koartada majoa horrelakoetan bestea seinalatzea, gu ez dena, infernua dena. Eta gupidarik merezi ez arren, norbere arimaren araztasuna lortzeko Colon edo Dixan dira Bidasoan emakumeei zarataka eta zafladaka dihardutenak. Ez dira gu bezalakoak, guk antzarretan emakumeari uzten diogu. Gure koartada, gure detergentea, gure arima zuri eta aratz uzten duen ifrentzua.
Baina orbanak ez dira hain xamur kentzen gure igandeko arropetatik, ez da nahikoa beste hori, matxista nazkagarria seinalatzea. Gurean, eta etxean emari oparoa dakarren erreka da, nagusikeria alde batera eta menperatzea bestera bereizten dituen Bidasoa.
Oraintsu gure eskualdeko elkarte batean –izena esateak ez du merezi, edozein herritako edozein elkarte izan daiteke eta– emakumeak bazkide izateari atea itxi diote. Proposamenaren aldeko boto apur batzuk, eta hamarka aurka. Hori justifikatzeko erabilitako argudioak hogei mila: estatutuek jartzen dute (argudio legalista), zaharrek ez dute nahi (argudio gerontokratikoa), gazteek egingo dute (viagra argudioa), emakumeek elkartea eramango balute borroken borrokaz itxi egin beharko genuke (argudio kondeszendientea), etorri eta jan egiten dute, ez daude gaizki (argudio paternalista), gehienek hori nahi dute (argudio demokratikoa), sortu zutenek horrela nahi izan zuten (argudio paleontologikoa). Ondorioa berriz emakumea plaza publikotik kanpo edukitzea emakume izateagatik (ondorio matxista). Seguruenera arrazoi etnikoengatik utziko ez balitz denok asaldatuko ginateke. Hala ere, menperatze eskema berbera da etnikoa zein sexu diskriminazioa, eta are, baita hizkuntzarena ere, euskara jakiteagatik debekatzea bezalakoa. Ez gutxiago, ez gehiago.
Ariketa bat proposatzen dut: «Ikaragarriak direnak ikusten ditugu eta mintzen gaitu»; «Txikiagoak ez ditugu ikusten, beraz ez dute existitzen» esaldiak hartu.
Orain jar diezaiogun aurreko esaldi bi horiei «matxismo» hitza aurretik. Ohartuko gara txiki horiekiko presbiziak jota gaudela, edo normalegi egiten zaizkigula ikusteko ere.
Elkarteen inguruan nabaria da matxismoa, baina ez soilik hauetan. Elkarteen gaia eremu pribatuko gai bezala tratatzea berriz akats larria da. Matxismoa gertakari oso dramatiko handiek eta eguneroko harrokeri txikiek egiten dute. Gure elkarteak ez dira Londoneko elkarte esnobak, elite izateko menpekoak behar dituztenak, La Bilbainaren antzekoak. Ala gure buruarekiko ustea handitzeko norbait menperatu behar dugula pentsatzen dugu?
Batzuk txiki xamarra dute. Auto-estimua noski. Baina debekuak edo laidoak eransteko bi potro ondo jarriak dituzte.