Eneko Arrate: 'Eliteko txirrindularitza'
Mundu mailako errepideko gizonezko txirrindulari onenetarikoak elkartu dira gure inguruetan aste honetan, tropel koloretsu bat osatuz. Eliteko kirolak mugimendu handia sortzen du, eta txirrindularitzak zaletu asko ditu Euskal Herrian. Amets Txurruka Ansola bertokoa izateak ere eragin du jendearen animoan. Contador, Dan Martin, Fabio Aru edo Simon Gerrans bezalako kirol honetako izarren zerrenda luzea herri txiki hauetan ikusteko adina kategori ia badugun galdetu izan dute kalean, batez ere zenbait edadetuk. Zer pentsatua ematen du, nola hartzen diren jainko txikitzat kirolari ezagunak.
Beti gaude eliteari begira, baina denak pertsonak direla konturatu behar gara. Contadorri, 18 urterekin Markina-Xemeingo lasterketan parte hartu zuenean, inork ez zion sinadurarik eskatu, nahiz eta orduan ere oso kirolari ona izan, jakina, ez zelako mundu mailako izarra. Purito Rodriguez iazko itzuliko irabazlea ere inguru hauetan askotan ibili zen gaztetxotan; eta Peter Sagan egungo munduko txapeldunak junior mailan Ispasterko nazioarteko Ziklo-kross lasterketa bi urtean jarraian irabazi zuen.
Berriatuan ere pasadizo berezi bat dute Miguel Indurain ospetsuarekin. Gaztetxoa zenean, Berriatuko lasterketan, erretiratzear zegoela, eskoba-autoan zihoan herritar batek bizikleta ez zela berea eta uzteko esan zion. Elitearen eta pertsona arruntaren arteko muga existitzen ez den seinale. Amets Txurruka bera ere herriko garrantzitsuena dela esan dute pare bat komunikabidek aste honetan. Ezagunena bai, baina garrantzitsuena? Nik neuk bere umiltasuna, gertutasuna eta laguntzeko prestutasuna baloratzen ditut gehien, bai tropelean eta baita bizikletatik kanpo ere.
Lasterketan daudenak pertsonak dira, beste edozein bezala. Beraien ahalegina baloratu egin behar da, baina jainkotzat hartzeak ez digu jendarte orekatuago bat lortzen lagunduko.
Orain, asko ari gara itzuliaz gozatzen, baina ekainean Emakumeen Bira izango dugu inguruotan. Mundu mailako errepideko emakumezko onenak etorriko dira. Ziur, tamalez, jende kopuru erdia etorriko dela.