Auro Ansorregi Altzibar: 'Gogoetan'
Aste santua pasa berri den honetan turismoari begirako arloa pozik azaldu da, jendea erruz etorri delako gure inguru hauetara. Telebistako irudiek hala erakutsi dute behintzat; autobus eta tren geltokietan jendea hara eta hona. Aireportuak ere ez dira atzean gelditu. Sona handiko hiri eta lekuak jendez lepo.
Agintari eta administrazio desberdinei ahoa betetzen zaie lanpostuen kopuruak gora egin duelako. Halaxe izanda ere, zein baldintza edo kalitateko lanpostuak dira sortutakoak?
Kontratu laburrak, ziurtasunik gabeko kontratuak, ordu estrak… (asko kobratuko ez direnak). Eta eskainitakoa ez baduzu nahi, lasai, atzetik izango da besteren bat gustura egingo duena eta txintik esan gabe, zer erremedio! Ez gaude txorakerietarako!
Izena eta izana izan duten fabrikak Euskal Herritik kanpora daramatzate, eta zer? Globalizazioaren letra txikiak bazekarren hau, baina ez genuen irakurri eta izorra hadi! Atzerrian fabrika berria zabaltzea erraza eta merkea da, bertako langilegoaren lan eskaerak murritzagoak dira-eta. Baina nago, lehen lortutako eskubideak hutsaren hurrengoa bilakatzen ari direla gurean.
Kapitala ez dago galtzeko eta ez du sekula galtzen. Hala ere, diruak eta ondasunak hainbeste maite duten aberritik kanpora eramaten dituzte, legozkien zergak ez ordaintzearren. Gainera, administrazioek aberastasunaren gaineko zerga kenduta, hau da, gehien dutenek gutxiago ordainduta eta hobari handiak eskainita, lortuko omen dute kapital handiak hemen gelditzea. Aste hauetan ikusten ari gara bai, hauen abertzaletasuna non dagoen. Eta pastelari ginga jarriz gero, hor ditugu zorra barkatu zaienak, zu eta ni ez gaude giro horretan, irakurle.
Telebista ikusteak ere min ematen du. Gerratik ihesi doazen milaka errefuxiatu eta migratzaile ez aurrera eta ez atzera, guk, europar zibilizatuok ez ditugulako gurekin nahi. Dirudunak eta aberatsak balira ohorez eta alfonbra gorrian hartuko genituzke, baina pobreak eta jende xehea izaki ez da halakorik izango.
Aste hauetan, horien aldeko makinaria jarri da abian leku askotan, gurean ere. Jakin badakit herritarrak oso ondo erantzun dutela baina ez dadila izan gure kontzientziak lasaitzeko. Egoera jasangaitz honek bukaera behar du berandu baino lehen. Aita Santuak Lesbosera egindako bisitak eragin handiegirik ez badu sortzen ere, Europako agintariak lotsagorritzeko bada ere balioko ote du…
Guztia eta gehiago ari da gertatzen gure inguruan baina anestesiatuta gaudela ematen du. Gure lozorrotik esnatzerako ez al da beranduegi izango?