Euskaldunok jatekoari berebiziko garrantzia ematen diogula gauza jakina da, baina badira jatekoari baino honek eskeini dezakeen etekinari begiratzen dionik. Hori da duela hilabete pare bat Konpetentziaren euskal agentziak erabaki zuena eskola jantokietan catering-a egiten zuten 8 enpresari 18 milioi euroko isuna jarriz.
18 milioi euroko isuna. To, zenbat den ere ez dakit. Seguru horiek ondo inbertituz gero askorako ematen duela. Esate baterako, bertoko jeneroak erosteko eta nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzari bultzada bat emateko. Edota langileen lan baldintzak, lan-karga gutxiago, soldata duinak… bermatzeko. Edota, zergatik ez, diruzale batzuk gehiago aberasteko. Azken finean, gertatu omen dena.
Lapurtu ei digute, aurtengo aurrekontuetan 7 milioko aurrezpena lortu da. Gizaki sinple bat izango naiz, gehienok halakoxeak gara. Aurton 7 milio aurreztu badira, 2003-2014 tarte horretan zenbat aurreztu zitekeen? Zenbat lapurtu ei dute?
Guraso elkarteek, gainera, hori umeen jatekoen kaltean izan dela salatu dute. Eta pentsatzekoa da, denaren aurretik dirua jartzen duenak, DENAREN aurretik dirua jarriko duela.
Jantokietan catering-a egiten zuten 8 enpresari 18 milioi euroko isuna ezarri die. Aurtengo aurrekontuetan 7 milioiko aurrezpena lortu bada, 2003-2014 urte bitartean zenbat aurreztu zitekeen?
Egun pare batez komunikabideetako berria izan zen, egun pare batez berri eta hirugarrenean zahar. Berriak olatuka bezala igarotzen dira, berria zahar eta zaharra berri. Olatuen joan-etorri horretan enpresa berdinak gure umeen eskoletan zerbitzatzen jarraitzen dute, publiko zein pribatu. Batzuk, oraindik gizaki sinpleagoak direnak, zera pentsatuko dute: «tira, baina gurean ez dute lapurtu, publikoetan bakarrik izan ei da!». Bale, zuk ez duzu publikoa ordaintzen zerga bitartez jakina, agian Panamako horietarikoa zara eta.
Eskandalua atera eta aste horretan bertan catering horietariko baten biserak zituzten ume mordoa Gernikako kaleetan. Orain, laster udako kanpusak datozela ustezko lapur horien kamisetak jantziko ote dituzte gure umeek? Hain kokilduta gaude gaitzespen soziala ere bertan behera geratuko dela? Hamaika ikusteko jaio gara, baina hori ez ikustearen itxaropena dut.