Lur gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketako estreinaldian laugarren postua lortu du Mutriku Sokatira Taldeak.
Zapatuan [apirilak 30] Berriatuan jokatu zen 680 kiloko lehen jardunaldia, eta ohi modura, ez zen “ezusteko handirik” egon; Laukizko Gaztedi A taldeak irabazi zuen saioa. “Berritasun handirik barik hasi da txapelketa. Uste zen moduan, Goiherri A eta Gaztedi Aren arteko tiraldia izan zen gogorrena, eta horietan Gaztediren alde joan zen soka bi alditan”.
Mutriku Sokatira taldeko kideak, Berriatuko saioan. Argazkia: Mutriku Sokatira Taldea
Gaztedi taldearen atzetik, hortaz, honako taldeak sailkatu ziren, hurrenez hurren: Goiherri A, Goiherri B, Mutriku, Gaztedi B, Ibarra eta Gaztedi C.
Mutrikuko taldeko kideek nabarmendu dutenez,
saio ona egin zuten Berriatuan. Mutrikuarrek Gaztedi Cren eta Ibarraren aurka bi tiraldiak irabazi zituzten, eta Gaztedi Bren aurka, ostera, alde batera irabazi zuten. Gaztedi A, Goiherri A eta Goiherri Bren aurka egindako tiraldiak, aldiz, galdu egin zituzten. “Jakinda txapelketa berrira jende berriarekin gindoazela, pozik bukatu genuen”.
680 kiloko bigarren jardunaldia zapatuan [maiatzak 7], 17:30ean, jokatuko da Mutrikun, Galdona auzoan.
Euskadiko lur gaineko sokatira txapelketa. Sailkapena:
- Gaztedi A. 7 punto
- Goiherri A. 6 punto
- Goiherri B. 5 punto
- Mutriku. 3,5 punto
- Gaztedi B. 3,5 punto
- Ibarra. 2 punto
- Gaztedi C. 1 punto