San Kristobal Enparantzako kioskorako ideia lehiaketa deitu du Lekeitioko Udalak
Lekeitioko Udalak ideien lehiaketa bat antolatu du Eskolapeko kioskoaren erabilpenerako aukera desberdinak aztertzeko. Orain arte kioskoa informaziogune modura erabili da, eta beste zeintzuk erabilpen izan dezakeen aztertu nahi dute herritarren parte hartzeagaz.
Kioskoari irtenbide bat emateagaz gainera, herritarren artean ekimenak sortzeko eta garatzeko jarrera sustatu nahi dutela azaldu du udalak. Horrez gain, herritarrengan irudi sortzaile, ekintzaile eta aktiboa proiektatu nahi dute.
Lehiaketa herritar guztiei zabalik dago, bai norbanako zein enpresa eta erakundeei ere. “Parte hartzeko baldintza bakarra ideia bat eduki eta gidoi bat garatzea da”, zehaztu dute.
Gaurtik aurrera dago zabalik parte hartzeko epea, eta ideiak maiatzaren 23ra arte aurkeztu ahalko dira. Lehiaketan izena emateko udaletxeko bulegoetara jo daiteke, edo bestela, postaz edo emailez egin daiteke.
Lehiaketa irabazten duen ideiak 300 euroko saria eramango du, herriko edozein denda edo komertziotan gastatzeko.