Haurreskolan izena ematen dutenak diruz lagunduko ditu Berriatuko Udalak
Berriatuko Udalak 2016-2017 ikasturtean umeak Berriatuko haurreskolan matrikulatzen dituzten familiei diru laguntza emango die, herriko zerbitzu publikoa indartu eta familiei haurreskolan umea matrikulatzeak suposatzen dien kostu ekonomikoa gutxitze aldera.
«Agintaldiaren hasieran, udala konturatu zen herrian dagoen ume kopururako ume gitxi zeudela haurreskolan matrikulatuta. Horrek kezka eragin zigun», azaldu dute Berriatuko Udal ordezkariek. Arrazoiak argitzeko, 0-6 urte bitarteko umeak zituzten gurasoei inkesta bat bideratu zien udalak. «Inkesta horretako emaitzek arrazoi nagusi bat dagoela erakutsi dute: haurreskola garestia dela».
Udalak, 0-2 urte bitarteko umeentzako eta horien gurasoentzako zerbitzua herrian egon behar dela eta doakoa izan behar dela dio. «Horregatik, erabaki genuen umea haurreskolan matrikulatzen dutenak diruz laguntzea».
Erabakiak erabaki, udalak 3.000 euroko diru partida utzi du 2016-2017 ikasturtean familien artean banatzeko. «Familia bakoitzari zenbat diru bideratu errentaren eta matrikulazio orduen araberakoa izango da», argitu dute.
Eskaerak, 2017ko otsailean. Diru laguntza eskaerak 2017ko otsailean aurkeztu beharko dira, eta onuradunek laguntza bi zatitan kobratuko dutela azaldu dute udal ordezkariek: otsailean eta ikasturte amaieran.
Dena dela, aurkeztu beharreko dokumentazioaren, baldintzen edota gai horren inguruko bestelako informazio gehiago nahi dutenek udaletxeko idazkaritzara joan ahal direla esan du udalak.