San Inazioko kaltetuei erantzuna “ahalik eta azkarren” emateko erakundeen laguntza beharrezkoa dutela esan dute gaur Ondarroako udal ordezkariek. “Ezintasuna ematen digu honen guztiaren irtenbidea gure eskuetan ez izatea. Gure ustez, erakundeek dituzten bitarteko guztiak ipini beharko lituzkete egoera honi konponbidea ahalik eta azkarren emateko. Gure uste apalean, Eusko Jaurlaritzak, esaterako, gehiago egin ahal du”.
Zunbeltz Bedialauneta alkateak eta Eneritz Basurko hirigintza zinegotziak nabarmendu dutenez, Kamiñaldeko arazoa bere osotasunean konpondu arte, kaltetuekin elkarlanean jarraituko dute. “Ondarroako Udalak batzartzen jarraituko du, azkenengo herritarra etxera bueltatu arte. Udala beti egon da prest herritarrokin beharra egiteko, eta aurrerantzean ere herritarrokin lanean jarraituko du”.
Eneritz Basurko hirigintza zinegotzia azalpenak ematen
Oro har, Kamiñaldeko lur jausiaren egoeraren berri eman nahi izan du gaur [maiatzak 5] Ondarroako Udalak, San Inazioko bizilagunek euren etxeak hutsi behar izan zituztenetik ia bi hilabetera. Orain arteko eta aurrera begirako asmoen berri eman dute udal ordezkariek.
Kaltetuek osatu duten San Inazio mendi azpixan gestorako kideekin astean bitan batzen dira udal ordezkariak. “Arlo soziala eta teknikoak lantzen ditugu. Orain arte, udalak duen informazioa helarazi diegu kaltetuei. Gure asmoa, hemendik aurrera elkartasun mahai bat sortzea da, informazio elkartrukatzeko”. Era berean, alkateak nabarmendu dutenez, udala ere, gestorako kide egin da, kaltetuetako bat delako. Hain zuzen ere, hustutako eraikin horietan etxebizitza bat eta sei lokal ditu udalak.
Alokabidek bere prozedura zer edo zer azkartu badu ere, udalaren ustez, egiten ari direna ez da nahikoa, eta prozedura hori azkartzeko eskatu dute
Bestalde, Alokabidek bere prozesua zer edo zer azkartu duela azpimarratu dute. Izan ere, maiatzaren amaierako Alokabidek eskura dituen etxebizitza guztiak emanda egotea espero da. “Udalaren eta herritarren aldetik egindako presioagaz, Alokabidek euren prozedura arindu egingo duela helarazi digu. Baina, gure ustez, prozesudura oso geldik doa, eta emaitzak ez dira guk nahi modukoak. Kaltetuak ahalik eta azkarren birkokatzeko, eskakizuna egin dugu ostera ere, hori arintzeko eskatuz. Jakin badakigu birkokatu behar den bolumena handia dela, baina normala den moduan, kaltetuen ezinegona gero eta handiagoa da, eta egin beharreko ahaleginak bizkorrago egin beharko lirateke”.
Hirigintza zinegotziaren arabera, Alokabidek, dagoeneko, 26 familiagaz sinatu du kontratua. Hala eta guztiz ere, etxebizitzen premia handia dela ere jakitera eman dute, eta etxebizitza hutsak dituzten herritarrei beraien etxeak Alokabideren esku lagatzeko eskaria egin dute. “Alokabidek egindako aurreikuspenen arabera, orain momentuan 47-50 bat familiak Ondarroan etxebizitza nahiko balute, ez dute etxebizitzarik”.
Udalak kaltetuak birkokatzeko bere eskura dagoen guztia egiten ari dela azpimarratu du. Besteak beste, higiezinin agentziekin elkartu da eta etxebizitzak hutsik dituztenei gutunbat helarazi die
Arazo horri irtenbidea eman nahian, udala “ahal duen guztia” egiten saiatu dela jakitera eman dute. Besteak beste, higiezin agentziekin elkartu da etxeak salgai dituzten herritarrei Alokabidegaz harremanetan jartzeko eskatuz. Horrez gain, etxebizitzak hutsik dituzten jabeei ere gutun bat helarazi die udalak, eskaera egiten.
Zunbeltz Bedialauneta alkatea azalpena ematen
San Inazio 47an eta 49an izandako lapurretak direla eta, Ertzaintzagaz egindako bileran larrialdi egoerak irauten duen bitartean zaintza lanak mantentzeko, eta ahal bada, indartzeko eskaria egin du udalak. Era berean, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun Sailburuari ere zaintza lanak bermatzeko eskariagaz gutuna helarazi diote.
Bestalde, San Inazio itxita dagoela eta, Kamiñazpiko 3.500 biztanleek Bizkaibus zerbitzurik ez dutela ere kezkatuta agertu da udala. Bizkaibusekin egin dituzten batzarretan arazoari konponbide bat ematen ahalegindu dira, baina Bizkaibusek hori ez diela erreztu nabarmendu dute. “Errenteria inguruan autobus aterpe bat ipintzeko eskaria egin digute, eta hori Herribusagaz bideratu ostean, orain ez dela bideragarria diote. Proposamen bat egin digute, hori egiten saiatu gara, baina atzera bota dute. Ahal dugun neurrian, Herribusagaz ordutegiak moldatzen ari gara, herritarrak beste geltokietara ailegatu ahal izateko. Ez da erraza, Herribusa ere dena ezin ailegatuta dabilelako”.
Maskulu etxeko arreta zerbitzua ere martxan da, eta kaltetuek bertan zalantzak argitzeko gunea izango dute, 10:00etatik 14:00etara, aurretik txanda eskatuta. Bulegora joan ezin dutenentzat 94-612 97 79 telefonoa eta maskul_etxea@outlook.com helbide elektroniko jarri dira eskuragarri, harremanetan jarri ahal izateko.
Diru laguntzen arloa ere martxan jarri dute Ondarroako Udala eta Eusko Jaurlaritzak. Apirileko Osoko Bilkuran Kamiñaldeko lur jausiaren ondorioz etxea lekualdatzeak eragindako kalteak arintzeko lehen beharretarako diru-laguntzen oinarriak onartu zituen udalak, eta aste honetan Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak aipatutako laguntzak onartu ditu. “Diru laguntza horrek ekainerako kobratzeko moduan egotea espero dugu”.
Ondarroako udal ordezkariak goizeko agerraldian
Diru laguntzei dagokienez, eskariak bideratzeko laguntza Maskulo etxean bertan jasoko dutela aurreratu dute. “. Eurek lagunduko dute paperak betetzen, eta laguntza horiek zelan eskatu ere aholkatuko dute. Gero eurek ekarriko dituzte udaletxera”.
Gestoraren agerraldia
Bestalde, San Inazio mendi azpixan gestorako ordezkariek jakitera eman dutenez, etzi [maiatzak 7], 11:00etan, ordu laurdeneko elkarretaratzea egingo dute.
Gestorak gorriz janzteko deia egin die auzoko kaltetuei. “Gorriz jantzita etortzeko deia egiten dugu, kale gorrian, gorriak ikusten gaudela gogorarazteko”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.