Plazatik Gaztetxera txapelketako finalerdia, Markina-Xemeingo Akerbeltzen
XV. Plazatik Gaztetxera bertso txapelketako finalerdietako azken saioa jokatuko da bihar [maiatzak 7], 22:30ean, Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean. Kanporaketa saioetan eta joan den asteko finalerdietako lehenengo saioan egin modura, 20:30ean afaltzeko aukera egongo da. Txartelak salgai daude, 6 eurotan, Patxuan eta Sakrisen.
Apirilaren 15ean hasi zen txapelketa, Eibarren. Eta lau kanporaketa saio egin eta gero, finalerdiak joan den astean hasi ziren, Deban. Markina-Xemeinen Ondarroako eta Bergarako saioetako sailkatuak eta Eibarko eta Soraluzeko entzuleen sailkatuak izango dira oholtza gainean, tartean Imanol Lekunberri mutrikuarra: Eli Pagola eta Iñigo Zubiaurre Beitxi, Eñaut Martikorena eta Imanol Lekunberri, Asier Galartza eta Aratz Igartzabal, eta Aitor Salegi eta Antton Aizpurua.
Bertsolariek egin beharreko ariketei dagokienez, aurten aldaketa batzuk egin dituzte: hasierako agurra; zortziko handian hiruna bertso (bertsolari guztiek); zortziko txikian hiruna bertso (bertsolari guztiek); herri bakoitzeko berba asmatzeko ariketa (bikote bakoitzari bina berba); gaia emanda launa kopla; bakarka bina bertso.
Finala, Mutrikun. Behin biharko saioa jokatu eta gero, finala maiatzaren 21ean egingo da, Mutrikun. Azken saio hori, baina, Plazatik Gaztetxera Egunaren baitan egingo da. Beraz, saio horren ordutegia ez da gainerako saioen bera izango.