Kanpandorreko erlojuak 12:00ak eman orduko hasi da gaur [maiatzak 14], Ondarroako XVI. Antxoa Eguna. Ohikoa bihurtu den modura, hiru turrunek eman diote hasiera jaiari.
Eguraldi nahikoa petrala egin baldin badu ere, jende asko ibili da alde zaharreko kaleetan antxoa gutiziak probatzen. Herriko hainbat elkarte gastronomikoren eta kuadrillaren eskutik eguneko protagonista hainbat eratara prestatuta jateko aukera egon da. Pintxoak probatzeko ilara luzeak izan dira, eta denek ere, arrakasta handia izan dute.
Kontserba industriako langileak antxoa xerrak prestatzen, gaur eguerdian
Ohikoa den legez, giro ederra egon da alde zahar eta inguruetan. Antxoa pintxoak probatzeko aukeraz gain, itsasoagaz zerikusia duten ofizioak bertatik bertara ikusteko aukera ere eskaini du jaiak. Portuko sare konpontzaileek sareak nola josten dituzte erakutsi dute, eta haruntzago, antxoak garbitu eta hauek oliotan ipini dituzte, kontserba fabriketan egiten duten legez.
Minutuak aurrera joan ahala, jai usaina han-hemenka zabaltzen joan da. Kantoipe errebueltan, esaterako, koloretako arrainez betetako igerileku txiki bat ipini dute, eta haren bueltan, ixkireroak eskuetan, arrainak harrapatu nahian hainbeste ume ibili dira. Bien bitartean, Udal musika eskolako ikasleak trikitixa eta panderoekin jai giroa herri osora zabaltzen ibili dira.
Herritarrak pintxoak dastatzen
13:30ak bueltan, herritarrek asko maite duten unea iritsi da. Udal musika eskolako kantari gazteenek Zubi Zaharraren azpian kantu herrikoiak abestu dituzte, han aurrean batuta zeuden gozamenerako. Joxe Mielen batela, Eskamak kentzen… abestu dituzte, denak ere itsasoagaz lotura duten kanta herrikoiak.
Musika Eskolako umeen kantaldiaren ostean, sari banaketa egin da. Aurten gainera, sari banaketa era berezi batean egitea erabaki dute jaiaren antolatzaileek eta eragileek. Sariduna irrati bat denez, irratsaio antzerako bat irudikatu dute, Zilarrezko Antxoaren inguruko elkarrizketa eta guzti.
Irrati libreko hainbat kide igo dira oholtza gainera, eta hainbat gauzari buruz luze aritzeko aukera izan dute. Tartean, irrati librearen sorreraren, azken 25 urteotako irratsaioen eta etorkizunari buruz berba egiteko tartea izan dute. Radixu Irratiko kideek gogorarazi dutenez, kanpandorreko ateak herri guztiari irekita dituzte.
Radixu Irratiko kideak Zunbeltz Bedialauneta alkatearekin eta Eusebio Arantzamendi kofradiako presidentearekin batera
Ostean, egin da sari banaketa formala, baina aurretik, Bertsutan Ondarroako Bertsozale Taldeko Arri, Botx eta Iñaki Lersundik omenduei eskainitako bertsoak abestu dituzte. Jarraian, Radixuko kideen izenean, Txomin L. Aramaiok pozik jaso du zilarrezko paparrekoa, Zunbeltz Bedialauneta alkatearen eskutik.
Irrati libreko kideek, “esker onez” jaso dute Zilarrezko Antxoa, eta gaurko saria euren lanari egindako aitortza dela azpimarratu dute. “Eskerrik asko; batetik, saria eman diguzuelako, eta, bestetik, zorionak hau jai hau aurrera ateratzen duzuelako”. Antolatzaile taldeak, bere aldetik, aurtengo Antxoa Egunak, Radixu Irratiak kolektibo modura 25 urtean egindako beharra saritu nahi izan duela nabarmendu dute.
Eguerdiko ekimenak, ohitura bihurtu den legez, Kantaize abesbatzarekin batera Boga-Boga abestuz agurtu dituzte herritarrek.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.