Etxebarriko nagusien lokalean abian duten
dinamika luzatzea erabaki du Udalak. Nagusien lokala indarra galtzen eta erabiltzailerik barik geratzen zebilela eta proiektu bat martxan jartzea erabaki zuten, nagusien arteko harremana sustatu eta lokala biziberritzeko asmoz.
Martxoan eta apirilean garatu da proiektua. Martitzen eta eguen arratsaldeetan dinamizatzaile bat egon da nagusiekin batera, ekintza ezberdinak antolatu eta arratsalde atsegin bat pasatzeko laguntasuna ematen. Bi hilabeteak pasatuta eta egitasmoa
bide onetik doala ikusita, luzatzea erabaki dute. Horrela, maiatzean eta ekainean aurrera jarraituko du proiektuak eta uda sasoian geldialdi bat egin ondoren, urriaren erditik abendura arte beste bi hilabetez jarraitiko luke.
Kultur aretoaren eraikinean dago Etxebarriko erretiratuen lokala.
Proiektua parte hartu nahi duten nagusi guztiei egon da zabalik, hori dela eta, lokalera hurreratzeko arazoa izan duten herritarrei erraztasunak eskaini dizkie udalak, taxi zerbitzua esate baterako. Horrela, hogei bat laguneko taldea “oso gustura” ibili dela adierazi du udalak.
Erretiratu gazteei deia
Behin dinamika martxan, erretiratu gazteengana ailegatu nahi dute. Izan ere, azken helburua, beste herri batzuetan egiten duten modura, Etxebarriko erretiratuen elkartea ere, bere kabuz, bere gustu eta interesen arabera antolatzea da xedea, eta horretarako erretiratu gazteagoen parte hartzea ezinbestekotzat jotzen dute.
“Taldea berriztu egin behar da, euren kabuz ekintzak antolatzen joateko”, esan dute.
Erretiratu gazteak elkartean parte hartzera animatzeko, beste elkarte batzuetako ordezkarien esperientziak ezagutzeko jardunaldia antolatuko dutela aurreratu du udalak. Horrez gain, gutun bidez, egitasmoaren berri jakinaraziko diete 60 urtetik gorako herritarrei.