Lagun baten bitartez harremanetan jarri, eta elkarlanean egin duten lehen lana dute ondarrutarrek. Arantza Ibarrak idatzi eta Kaiet Bengoetxeak ilustratuta, eleberri grafiko bat da; “euskaraz gutxi egiten dira halakoak”, azaldu du Ibarrak, halako zerbait egiteko “gogoa” zeukala aitortuz.
Mobilak-en azala
Sormen prozesua luze joan dela dio idazleak: “Marrazki bizidunentzat egin nuen gidoia. Diru asko behar da, baina, horretarako, eta azkenean pentsa nuen komikirako egokitzea”. Egokitzapena egitea erabakita, Bengoetxeagaz jarri zen harremanetan: “Hiru urte eta erdi egon gara
storyboard-a eta marrazkiak lantzen. Orrialde bakoitzean 6-7 marrazki daude. Denetara bost urteko prozesua izan da”. Eta urte horietako lanaren emaitzagaz pozik daude biak.
Ediciones Beta argitaletxeagaz, 9 urtetik gorakoentzako komiki bat dakarte besapean, nahiz-eta marrazkien bidez gazteagoek ere istorioa ulertu ahalko duten.
Mobilak abentura istorio bat da, atzean kapitalismoaren mamua dakarrena: MD modatik pasatutako mugikor bat da, eta Dogor maltzurrak txikitu egin nahi du beste hainbat mugikorrekin batera. MDn bizitza arriskuan dago, eta bere lagun berriena ere bai. Protagonistek hamaika abentura biziko dituzte. “Mobilak nahi ditu hil enpresaren jabeak, eta mugikorrek beraien burua salbatu nahi dute”. Abentura hori biziko dute gazteenek, eta nagusiagoek hausnarketa sakonago bat egin ahalko dute, 67 orrialdetan istorio horri jarraituz.
Bilbon sinatzen
Bilboko Liburu Azokan –ekainaren 2tik 12ra egingo da aurten– egongo dira bi egileak
ekainaren 11n, 18:00etatik 19:30era, komikiak sinatzen, Ediciones Betaren postuan. Argitaletxeak Bilbon bertan egin nahi zuen
Mobilak-en aurkezpena ere, baina egileek nahiago izan dute beraien jaioterrian egin. Horrenbestez,
aurkezpena Ondarroako Liburu Azokan egingo dute, uztailaren 22 inguruan.
Arantza Ibarra eta Kaiet Bengoetxea, ‘Mobilak’ komikiagaz