60 parte hartzaile bildu ditu Lekeitioko Gazte Triatloiak
Zapatuan Lekeition egin zen Gazte Triatloian 8 urtetik 13 urtera arteko 60 gaztek parte hartu zuten. Besteak beste, Durango, Ondarroa, Castro Urdiales eta Lekeitioko kirolariek egin zuten igerian, bizikletan eta aringa-aringan portu inguruetan.Adinaren...
Adinaren arabera, distantzia ezberdinak burutu behar izan zituzten. 8 eta 9 urteetako triatletak izan ziren lehenak Lekeitioko uretara sartzen. Portuan egin zuten igerian eta bizikletan, eta parkeari buelta erdi eman behar izan zioten.
Alebinek eta gazteek Isuntzako hondartzan hasi zuten proba, eta uretan distantzia ezberdinetara kokatutako buiari buelta emanda, porturaino egin zuten igeri, maldaxkatik igo eta bizikletak hartzeko. «Proba bikaina egin dute gazteek. Meritu handia dute itsasoko ura hotz-hotza dago-eta oraindik», adierazi du Luis Aretxabaleta Lekeitioko Garraitz Kirol Taldeko arduradunak.
Urtero modura, Lekeitioko Triatloi Taldeak antolatu du gazteei begirako proba, ume eta gazteek ere triatloia ezagutu eta kirol horretan lehen pausoak emateko aukera izan dezaten. «Umeak eta gurasoak probagaz pozik eta gustura geratu dira, eta guk ere balorazio oso ona egiten dugu», adierazi du Aretxabaletak.